Bilbo Gabriel Arestiren begietatik ezagutzeko liburua

Bizkaie! 2021-12-03 08:37   Euskerea berbagai

Karmelo Landa arduratu da testuak idazteaz.

Xabier Monasterio, Koldo Narbaiza zinegotzia, Juan Mari Aburto eta Karmelo Landa (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko kale eta bazterrak modu barritzaile baten erakutsi eta Gabriel Arestik kulturgintzan izan eban garrantzia aldarrikatzen dauen liburua aurkeztu dabe Bilboko Udalak, Erroa argitaletxeak eta Gabriel Aresti Kultura Alkarteak, Bilbon dabil Gabriel Aresti izenburupean. Karmelo Landa ikertzaile eta idazleak idatzi ditu testuak, gaztetan ezagutu ebanetik Arestiren mireslea izan dalako eta haren bizitzea eta obrea sakon aztertu ditualako.

Turistentzako ohiko giden azaleko argibideen aldean, Karmelo Landak Bilboren beste ikuspegi bat emon nahi izan dau Gabriel Arestiren ibileren bidez: Bilbo benetan eta sakon ezagutu nahi dauenak, zuztarretatik gaur arte, liburu honetan datorren ibilaldi gidatu hau egin behar dau, dino Landak. 

Ganera, literaturako eta arteetako beste sortzaile handi batzukaz lotu dau Landak Aresti. Unamunogaz lehian, Oteizagaz eztabaidan, Axularren ikasle, Mitxelenagaz alkarlanean, Ibarrolaren lagun, Oskorriren doinuan, Meliri eskua emonda, Atxagaren maisu, lagunen lagun dator eta dabil Gabriel Aresti Bilbon gaur

Zenbat Gara alkarteko eta Erroa argitaletxeko ordezkari Xabier Monasteriok azpimarratu dauenez, alkarlanaren emoitzea da lan barria. Udalaz eta Karmelo Landaz gan, diseinuaz arduratu dan BilbaoArte ekarri dau gogora, baita Gabriel Arestiren beraren familia be, liburua idazteko laguntzinoa emon dauelako.

Idazle klasikoak ez dira inoiz hilten, hareek esandakoak eta egindakoak danon gogoan atxikiak geratzen diralako betiko, azaldu dau Monasteriok. Herritarren gogoetan urien edo lekuen sinbolo bihurtzen dira idazle horreetako batzuk, eta hori da Bilbo eta Arestiren kasua, Erroa argitaletxeko arduradunaren ustez. Gure uriagaz lotura estuena dauen idazlea dala uste dau. 

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak be liburuak dakarren ikuspegi barria txalotu dau: hau ez da beste biografia bat, baizik eta Arestik frankismoaren urte gogor eta ilunetan korridu zituan kale eta txokoetan zeharreko bidaien liburu moduko bat. Aburtoren eretxian, erreferentzia-liburu bihurtuko da, gure poeta euskaldun handiaren unibersoan sartzeko.

Liburuaren ilustrazinoak Ruth Juan eta M&Bk egin ditue. Momentuz, 2.000 aleko tiradea argitaratu dabe eta 20 euroan dago salgai liburu dendetan. Durangoko Azokara be eroango dabe.

Dana dala, Xabier Monasteriok ohartarazo dauenez, liburua baino gehiago da Bilbon dabil Gabriel Aresti, proiektu transmediatzat jo dau, eduki osogarri ugarigaz. Karmelo Landa bera gidari dala, ibilbideak antolatuko ditue Bilbon, oraindino datak zehaztu barik dagozan arren. Podcastak be entzun ahal izango dira Bilbo Hiria Irratian.

Bilboko udaletxean egin da Bilbon dabil Gabriel Aresti aurkezteko ekitaldia, Udaleko eta Erroa argitaletxeko arduradunak bertan dirala, baita Gabriel Arestiren senideak, Karmelo Landa eta proiektuan parte hartu daben beste asko be. Aurkezpen gehiago be egingo ditue: abenduaren 4an Durangoko Azokan (17:30) eta abenduaren 16an Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon. Auzorik auzoko aurkezpenak egiteko asmoa be badago hurrengo hileetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu