Eñaut Elorrietaren kontzertu berezia, Euskerearen Egunean
2021-12-02 10:20 MusikeaIrteera argiak diskoko kantuak joko ditu Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean.
Euskal musikarien kontzertu ugari hartu ditu Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak azken hileotan, eta Euskerearen Nazinoarteko Egunerako hitzordu berezia atondu dabe han, Udalak aurreratu dauenez. Eñaut Elorrieta kantari ezagunak joko dau abenduaren 3an, 19:00etan.
Orain arte plazaratu dauen azken diskoko, Irteera argiak-eko, kantuak interpretauko ditu Elorrietak gehienbat Bidebarrietako emonaldian. Ken Zazpi taldean luzaroan ibili eta gero, bakarkako ibilbideko bigarren diskoa izan zan hori gernikarrarentzat, barru-barrutik sortutako kantuen bildumea, hurreko idazle batzuen berbak be badakarzana. 2019ko udagoienean argitaratu eban.
Izenburuak dinoan lez, argitsua da diskoa, artistearen indar guztia kantuetan jarten dauena, Elorrietaren heldutasun musikalaren erakusgarri. Uxue Alberdi, Joseba Sarrionandia eta Jose Luis Otamendi idazleen berbek osotzen dabe Elorrietaren beraren sorkuntzea.
Bidebarrietako emonaldirako sarrerak bost euroan dagoz salgai, hemen. Edukierea % 100ekoa dan arren, Bilboko Udalak gogora ekarri dau osasuna babesteko neurriak indarrean egongo dirala Bidebarrieta Kulturgunean; besteak beste, maskarea derrigorrezkoa da.
Euskerearen Nazinoarteko Eguna da abenduaren 3a, eta horren kontura Bilbon antolatuko diran ekitaldietako bat da Eñaut Elorrietaren kontzertua. Udalaren arabera, euskerearen erabilera handiagoaren premiaz ohartarazotea da egun horretarako ezarri daben helburua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!