'Hilak' da Kerobiaren disko barria
2021-12-02 09:27 MusikeaEtenaren osteko bueltarako, zortzi kantuko bildumea atondu dau talde nafarrak.
Aurreko astean 20. urteurreneko kontzertu berezia emon ebanean, Iruñean, Kerobiak ezustean iragarri eban barriro bueltauko zala euskal musikearen eszenara, eten luze baten ostean. Azkenaldion lanean ibili dira Xabi Bandini eta konpainia, Kerobia errautsetatik berbiztu eta kantu barriak sortzen. Esku artean dogu ahalegin horren emoitzea da Hilak disko barria.
Etenak eraginik izan ez baleu lez, Kerobiaren betiko estiloari eusten deutso album barriak, sasoi baten hainbeste zale erakarri zituan doinuak eta berbak berreskuratu ditu taldeak Hilak-en. Ez dabe inor epel itxi nahi, entzuleagan eragitea da nafarren asmoa, berbetan samurtasuna eta gordintasuna buztartuta, baita soinu urratzaile eta harmonikoak erabilita be.
Beti-betiko Kerobia bueltan dan arren, egia da taldekideen artean aldaketak egon dirana. Mikel Zorrilla, Ruben Matilla eta Mikel Isaba ez dagoz, eta hareen ordez sartu dira Eneko Requebitate, Lur Larraza eta Carlos Colinari. Beste kideak Carlos Colina eta Xabi Bandini dira.
Aurten gauza asko pasau jakuz, azaldu dabe Kerobiakoek. 20 urteen ospakizunean, handitu nahi izan dogun metxea biztu zan. Kerobiak aurrera jarraitzen dau eta lan barria aurkezten dogu. Ganera, lagun barriak doguz taldean.
Kide barriak izan arren eta urte batzuetako etena tartean badago be, Kerobiak ez dauela bide barri bat hasiko agindu dabe: Urte asko daroan bidearen jarraipena da, baina inoiz ez jakuz bide zuzenak gustau, edo hobeto esanda, beti gorroto izan doguz norabide zuzenak.
Gaur egun modan dagozan plataformetako telesail batena izan leiteken hariak lotzen ditu Hilak diskoko zortzi kantuak. Zientzia fikzinozko eta irudimenezko kontestuan, etorkizun hobearen bila Lurretik alde egindako gizakiak dira protagonistak, hareen abenturak eta unibersoan zeharreko joan-etorriak. Batzuetan ezkortasunez, egoera barri horrek eragindako sentipenak, ezinegonak eta ezusteak jorratzen ditu Kerobiak kanturik kantu.
Uste dogu disko honek beste mundu batera eroango dauela entzulea, eta ez da nahitaez idilikoa, azaldu dau Xabi Bandini taldekideak. Ahalik eta abesti ederrenak aurkeztu nahi doguz, istorio bat eta irudi bat. Musikearen osogarri, Arrate Rodriguez diseinatzailearen material bisuala be badakar diskoak.
Konbate grabitatorioa singlea entzungai dago, zaleek lan barriaren ezaugarrien lagin bat ezagutu deien. Entzun hemen.
Ganera, laster Kerobia zuzenean entzuteko modua izango dogu, Hilak aurkezteko bireari ekingo deutselako 2022ko martian. Lehenengo hitzordua Bilboko Kafe Antzokian izango da, martiaren 12an. Diskoa, ostera, taldearen webgunean erosi leiteke, eta Duragoko Azokan erakusmahaia ipiniko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!