Herri-hizkeren ikuspegi gaurkotua dakar Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2021-12-01 13:32   Euskerea berbagai

Dialektologian egindako aurrerapenak erakusten ditu Aniztasuna: hizkeren berba-mintzoak liburuak.

Adolfo Arejita, liburu barria eskuetan dauela (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

2019an, Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekitaldien barruan egin zan II. Nazinoarteko Dialektologia Biltzarra, eta han jorratutako edukiak eta ekarpenak argitaratu ditu orain Euskaltzaindiak, Adolfo Arejita euskaltzaina arduradun dala eta Aniztasuna: hizkeren berba-mintzoak izenburupean. Txosten, ohar eta agirien bidez, hizkuntzen aldakortasuna eta dialektologiaren aurrerapenak ezagutu geinkez.

Dialektologia ikerketei buruzko ikuspegi gaurkotua emoten dau liburuak: gaur egun zertan diran, non egin behar dan indarra, azaldu dau Adolfo Arejitak. Aldi berean, etorkizunari begira be jarten gara argitalpen honetan, eta aurrerantzean dialektologia ikerketak zelan planteau behar diran aztertzen da.

Euskerearen herri-hizkerei arreta handia emon deutse liburuan, bertan aitatzen diran hizkuntza-atlasen artean EHHA nabarmen agertzen dalako, hau da, Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa. Egitasmoaren zuzendaria Adolfo Arejita da, hain zuzen. Hizkuntzen, eta berariaz euskerearen, aniztasuna erakutsi nahi dau liburu honek, baina ahalegin handia egin dogu Euskal Herrian egiten doguna beste lurralde batzuetan egiten diran lanakaz erkatzeko.

XX. mendearen bigarren erdian herririk herri egindako inkesta aberatsetan oinarrituta, euskereak lexikoan, gramatikan eta abarretan dauen aniztasuna zehatz-mehatz erakusten dau EHHAk, urteotan pixkanaka argitaratzen joan diran liburu potoloetan (orain online be badago bildumea, hemen). 

Baina Arejitak garbi dauka euskerearen herri-hizkerak aztertzeko bidea ez dala agortu, eta horixe da II. Dialektologia Biltzarrean atera eben ondorioetako bat. Ikerketarako ildo barriak edegiz joakuz, dino EHHAren zuzendariak. Batetik, orain artean batutako eduki oparoari ahalik eta onurarik handiena ateratzea dogu eginkizun. Bestetik, agiri jakuzan hutsarteak bete behar doguz. Eta, danaren ganetik, euskerearen dialektologiak hizkuntzearen bizibarritze eta normalkuntzeari ekarri leikionari arnasea emon behar deutsagu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu