'Aizu!' aldizkariak 40 urte beteko ditu Durangoko Azokan

Bizkaie! 2021-12-01 09:40   Euskerea berbagai

Zenbaki berezia plazaratuko dabe, normalean baino orrialde gehiagoduna.

1981ean, Durangoko Azokan aurkeztu zan Aizu! aldizkariaren 0 zenbakia, euskera ikasleei tresna barria eskaini eta euskerazko kazetaritzea indartzeko asmoz. Lau hamarkada geroago, gorabehera eta aldaketa ugariren ostean, martxan da oraindino Aizu!, AEK-k bultzatuta, eta urteurrena ospatuko dabe aldizkaria sortu zan lekuan, Durangoko Azokan.

Berez, 40. urteurrena gogoratzen 2021eko urtarrilean hasi zan Aizu!, hileroko zenbakietan aldizkariaren historiaren zatitxu bat kontetan dauen atalagaz. Irailean, webgunearen eta papeleko argitalpenaren diseinu barriak aurkeztu zituen, eta harpidetza digitalak martxan jarri. 

Abenduan izango da, baina, ospakizun nagusia. Batetik, ale berezia argitaratuko dabe Durangoko Azokan, 462.a. Normalean baino orrialde gehiago izango ditu (68), eta eduki gehigarriak ekarriko ditu: Ez da hain fazila atal luzeagoa, urteurrenagaz lotuta sortzaileek egindako lanak, lehiaketea, irakurleen eretxiak...

AEK-k Azokan ipiniko dauen erakusmahaian (Goienkale 23), harpidetzak egin edo ale solteak erosi ahal izango dira. Harpidedun barriek Patxi Huarte, Zaldi Eroa marrazkilariak diseinautako poltsea eroango dabe doban. 

Beste alde batetik, Durangon bertan, urteurrenagaz lotutako saioa egingo dabe abenduaren 7an, 16:30ean. Aizu! aldizkaria, 40 urte euskera ikasleak hezten eta irakurleak hazten izenburudun mahai-inguruan parte hartuko dabe Gotzon Hermosilla kazetariak, Maider Irurozki irakasleak eta Belen Rufz ikasleak. 

Gehienbat euskerea ikasten dabizanentzako aldizkaria da Aizu!, euskera errazean idatzia eta era guztietako gaiak jorratzen dituana. Horregaitik, Harrapatu aukera lemapean, ikasleak erakarteko kanpainea egongo da martxan abenduan, webgunearen bidez. 2022ko urtarrileko alea doban eskuratu ahal izango dabe, Aizu! zelakoa dan ezagutu deien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu