Delirium Tremens disko barria atontzen dabil, 30 urteren ostean

Dabi Piedra 2021-11-30 13:07   Musikea

Kontzertu berezia joko dabe maiatzaren 28an, BECen.

Bueltan da Delirium Tremens talde mutrikuarra, 30 urteko etenaren ostean. Bilboko Kafe Antzokian egindako agerraldi baten azaldu dabenez, kantu barriak sortu ditue, eta disko barria grabetan dabiz orain, 2022ko udabarrian argitaratzeko asmoz. Ganera, zuzeneko kontzertu berezia joko dabe maiatzaren 28an, Barakaldoko BECen.

1991ko zemendiaren 30ean emon eban azken kontzertua Delirium Tremensek, Saturrarango Venezia aretoan. Azken hitzordu haretatik 30 urte zehatz pasau diran egunean, Delirium Tremens bizibarrituaren asmoak azaldu ditue jentaurrean. Taldeko hiru kide historiko dabiz gaur egungo proiektuan, Juantxo Yurrita, Patxi Irisarri eta Andoni Basterretxea. Mauka Musikagintzea be badabil proiektua zabaltzen.

Zortzi kantu grabetan dabiz disko barrian sartzeko, danak azken hileotan sortuak. Hau da, ez dabe orain dala hiru hamarkadako Delirium Tremensen kanturik ez bersinorik sartuko. Halan eta guzti be, betiko estiloari eutsiko deutsela agindu dau Andoni Basterretxea taldekideak: Delirium Tremensen haria ez dogu galdu, baina pixka bat modernoagoak dira oraingo kantuak. Uste dot gure zaleei gustauko jakela

Aurrerapen kantu bat, Ordago, ikusgai jarri dabe. Bideoklip eta guzti dator, ikusi hemen. Bideoklipean Biarko Produkzinoak etxearen laguntzinoa izan dabe. 

Sasoi bateko zaleek zein gazteek, beraz, Delirium Tremensen doinu barriak entzuteko aukerea izango dabe laster, diskoari esker. Mutrikuko taldearen zuzenekoaren indarraz be gozau ahal izango da maiatzean, BECeko kontzertuan. Sarrerak barikuan ipiniko ditue salgai. Des-kontrol eta McOnak taldeakaz batera agertuko dira oholtzan.

Momentuz, BECeko kontzertua baino ez dabe aurreikusi, pausuz pausu joan nahi dabelako. Baina ez dabe baztertu zuzeneko gehiago antolatzea. 30 urte eta gero, sasoia berreskuratzen gabiz, ez da erraza, baina gozetan gabiz eta ia zaleek be gozetan daben, adierazo dau Juantxo Yurrita bateria joleak. 

Isilune luzearen ostean, Delirium Tremensekoek uste dabe gazteen artean be gustura hartuko dabela taldearen bueltea. Kontau deuste oraindino taberna batzuetan ipinten dabela Delirium Tremens, eta gazteek ez dabe kentzeko eskatzen, dino Andonik. 

Aurretik maketa apal batzuk plazaratu eta gero, 1987an aurkeztu eban Delirium Tremensek lehenengo diskoa, Hemen denak berdinak dira, eta kontzertuak joten hasi zan. Ondoren etorri ziran Ikusi eta ikasi (1989) eta Hiru aeroplano (1990), baita zuzeneko disko bat be, Bilbon 1991ko maiatzaren 24an grabautakoa. Urte haretan bertan amaitu zan mutrikuarren ibilbidea, baina zaleek gogoan izan ditue hareen doinuak.

Azken 30 urteotan ez doguz musikagintzan asko ikusi taldeko kideak. 2019an, baina, behin behinean alkartu ziran, Iñigo Muguruzaren omenezko kontzerturako, eta oholtzara igoteko gogoa barriro agertu jaken. Kontzertuaren aurretik pare bat hilez ibili ginan entseguak egiten, eta berotu egin ginan, gogoratu dau Andonik. 

Ez da erraza 30 urteren ostean proiektu musikal bati barriro heltzea. Kideak zalantzan egon ziran, bueltau ala ez, eta azkenean aurrera egitea erabagi eben. Hori bai, gauzak lasai egin ditue: lokala topau eben entseguetarako, gero material barria sortzen hasi... Orain prest dagoz jentaurrera bueltetako. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu