'Ondarea, berbetan', gure museoak euskeraz

Bizkaie! 2021-11-30 08:25   Euskerea berbagai

Euskerearen Nazioarteko Egunaren harian dator ekimena.



Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarea, berbetan ekimena jarri dau martxan Euskerearen Nazioarteko Egunaren harian. Euskerearen Etxeak atonduta eta BizkaiKOA Bizkaiko foru museoen sarearen babesari esker jarri da abian ekimena. Museoen ondarea euskeraz berbetan jarri nahi izan da, museoek euskeraz jarduten dabela nabarmentzeko eta, bestetik, museoen ondarea berbetan islatu nahi izan da, euskerea euskarri fisikoetara ekarriz.

Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituan zortzi lekutan egingo da: Euskerearen Etxea, Bakioko Txakolingunea, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa, Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Bilboko Arkeologi Museoa, Gernikako Euskal Herria, Kortezubiko Santimamiñe eta Muskizko El Pobaleko Burdinola Museoa.

Abezedarioak museoek batzen dituen obren edo ondarearen berbakaz ondu dira eta totem ikusgarri batzuetan izango dira erakusgai abenduaren 3tik aurrera;
horregaz batera, bisitariek berbokaz osotutako hiztegi txiki bat eskuratu ahal izango dabe, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko ordainakaz.
Bisitariek gure hizkuntzearen barri izango dabe eta, era berean, horren zatitxu bat etxera eroan ahal izango dabe.

Ondokoak dira museok ondu dituen alfabetoak

- Bakioko Txakolingunea:

Ardao, Baserri, Dolare, Eguzki, Filoxera Garraztasun, Hondarrabi, Inausketa, Jatorrizko deiturea, Kupel, Lurrak, Mahats, Nortasun, Ontze, Pitxer, gorri, Sustrai, Txakolin, Upategi, Xurgatu eta Zapore

- Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa

Artile, Buztan, Dinamo, Ehungailu, Fabrika, Galtzerdi, Hari, Irute, Jantzitegi, Karda, Lehortegi, Mataza, Neurgailu, Oihal, Poleak, erremailadora, Selfaktina, Txarrantxa Uhal, Xaboitu, Zulagailu

- Bermeoko Arrantzaleen Museoa

Arrain, Bits, Dorretxe, Estropada, kofradia, saregile, Hegaluze, Itsaso, Jai, Kostalde, Legatz, Murtzila, Neskatila, Ontzi, Portu, patroi, Sare, Txikota, Ur, tXo, otZara

- Bilboko Arkeologi Museoa

Aurpegibiko, Bihi, Dolare, Errekuntza-hobi, Falka, Gerriko-plaka, Hilobi-harri, Indusketa arkeologiko, Jaurtigai, Koprolito, Laginketa, Moustier aldi, Nekropoli, Opaiztu, Puntzoi, eRrausketa, Suharri, Testuinguru-arkeologia, Ukitu, Xafla mehe, Zulakaitz

- Euskerearen Interpretazio Zentroa (Euskerearen Etxea)

Azoka, euskara Batua, D eredua, Euskalduna, Fonema, euskalgintza, Hitanoa, Itzultzaile neuronala, Jarrera, Korrika, Soziolingusitika, Mintzapraktika, Normalkuntza, Ofizialtasuna, Poto, Berria, Seaska, Txiokatu, Unibertsala, Xuxurlaria, Zonaldeko euskara

- Gernikako Euskal Herria

Armarri, Baserri, Dantza, Erritu, Foru, Goru, Hegoalde, Iraultza, Jauregi, Kaiku, Lurralde, Mapa, Nortasun, Ohitura, Pandero, erromeria, Sagardo, Trikitixa, tXapel, Zesta-punta

- Kortezubiko Santimamiñe

Aztarnategi, Bultzagailu, Datazio, Etxola-hondo, Flotazio, Grabatu, Harri-pintza, Igitai-hortz, Jariatze, Karrakailu, Labar-arte, Maskortegi, Neolito, Orein-adar punta, Perkusio-erraboil, aRrankazi, Sareta, Trikuharri, Urruntzaile, txartatzaile, Zutabe estratigrafiko

- Musizko El Pobaleko Burdinola Museoa

Agoa, Burdin, Dinbi-danba, Egur ikatz, Forjatu, Gurpil, Hauspo, Ingude, Jauntxo, Kurrikak, Labe, Mailu, Naza, topiÑa, Olagizon, Pago, eRrementari, Su, Totxo, Ur, Xafla, Zepa


Bestelako jarduerak, museoetan

Museoek euskeraz jarduten dabela nabarmendu gura izan da Ondarea Berbetan ekimenagaz eta, hori dala eta, museoek hainbat jarduera berezi atondu ditue:

Bilboko Arkeologi Museoak, Kortezubiko Santimamiñek, Bermeoko Arrantzaleen Museoak, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoak eta Euskerearen Interpretazino Zentroak abezedarioetarako aukeratutako berbetan oinarritutako bisita bereziak egingo ditue. Arrantzaleen museoan, esaterako, hegaluzearen inguruko bisitea egingo dabe, alfabetoan jasotako berbei jarraituz, Atunaren bisitea. Arkeologi museoan bisita gidatua biltegietara egingo dabe totemean eta hiztegira batutako berbakaz; goizez, euskaltegientzako bisita bereziak eskainiko ditue. Azkenik, Euskerearen Etxeak Hostopostoak ume eta familientzako programea be izango da egitarauan.

Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian, BFAko gainerako museoek ondu dituen jarduerak:

Gernikako Euskal Herria Museoa: Itsasoa bakarra da: Indalexio eta Santiago. Doro Zobaran ipuin kontalariak helduentzako saio berezi bat eskainiko dau, kantu eta narrazinoen bidez. Ernest Hemingway idazle estadubatuarraren hainbat lanetan oinarritutako ibilbidea izango da, besteak beste, Agurea eta itsasoa edo Lehoi zintzoa lanetan oinarritua; parte-hartzaileek euskal kostaldeko lilurak biziteko aukerea izango dabe.

El Pobaleko Burdinola Museoa: Ideas y Creaciones erakundeko Juan Miguel Cortés artisteak Diorama bat egingo dau Playmobil figurakaz, Olentzeroren unibersoa. Diorama hori burdinolaren tailerrean erakutsiko da. Dobako bisita batzuk eskainiko ditue euskeraz. Diorama hori sortzeko prozesua zelakoa izan den ezagutuko dabe bisitariek.

Bakioko Txakolingunea: Euskeraz kantari. Museoan euskeraz abestutako abestiak dituela aprobetxauta, aititek abesten dituan abesti bi eta txakolin-jantzearena, bisitariei kantuon berbak emongo deutsee, bertan abesteko edota etxera eroateko.

Ekintzetan parte hartzeko aldez aurretik izena emon behar da www.euskararenetxea.eus webgunearen bidez edota www.bizkaikoa.eus webgunearen bitartez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu