Uribe Kostak irabazi dau XXIX. BBK Sariketea
2021-11-30 08:32 BertsolaritzeaLea Artibai izan da beste finalistea.
Bilboko BBK Salan jokatu da Bertsolari Gazteen XXIX. BBK Sariketako finala, Uribe Kosta eta Lea Artibai eskualdeetako ordezkarien artean. Epaileen puntuazinoak estu-estu joan dira, puntu biko aldeaz irabazi dau Uribe Kostak. Hain zuzen be, txapeldunek 443,5 puntu batu ditue, eta Lea Artibaik 441,5.
BBK Sariketako finalean ohikoa izaten dan lez, bertsolari gazteek alkarri adarra joteko aprobetxau ditue ariketak. Ganera, irudimen handiz kantau dabe, hasierako agurretik bertatik. Izan be, puntuagarria da ariketa hori. Aretoko giroa berotzen lagundu dau bertsolari gazteen jardunak.
Uribe Kostak, aurtengo irabazleak, seikote hau eroan dau finalera: 18 urtera artekoetan, June Diaz, Maialen Lago eta Peio Lago; 26ra artekoetan, Mikel Arrate, Oihan Diaz eta Peru Irastorza.
Lea Artibain honeek izan dira oholtzan: Amaiur Galdos, Ariane Sololuze eta Ziara Larrinaga gazteetan; eta Aissa Intxausti, Garazi Navarro eta Naia Ibarzabal nagusietan.
Igor Menika izan da saioko aurkezlea. Epaileen taldean Beñat Romero, Leire Etxebarria eta Miriam Juaristi egon dira, eta Idoia Anzorandia idazkari.
Puntuazinoak jakinda, sariak banatzeari ekin deutse. Koldo Bilbao BBK-ko ordezkariak, Koldo Tellitu Ikastolen Alkartekoak eta Ainhoa Markinez Bizkaiko Bertsozale Alkartekoak hartu dabe parte. Finalistez gan, oholtzara igon dabe sariketan parte hartu daben ganerako eskualdeetako ordezkariek be, eta opari bana emon deutse. Uribe Butroeko Jokin Arriolak, bestetik, kantaera onenari emoten jakon saria irabazi dau.
Bizkaiko Bertsozale Alkarteak zorionak emon gura deutsez aurtengo BBK Sariketan parte hartu daben guztiei. Batez be, bertsolariei, gai-jartzaile taldeari eta epaile taldeari. Urriaren 8an hasi zan XXIX. edizinoa eta, finala baino lehen, lau kanporaketa eta finalaurreko bi jokatu dira Bizkaiko hainbat herritan. Saio gehienak ikastetxeetan egin diranez, gehienbat ikasle gazteak izan dira publikoa.
Bizkaiko eskualde guztien ordezkari, zortzi taldek hartu dabe parte BBK Sariketan. Bakotxak sei bertsolari aurkeztu behar dituala kontuan izanda, 48 bertsolarik igon dabe oholtzara gitxienez, baina gehiago izan dira, talde batzuek seikote diferenteak aurkeztu dituelako egun bakotxean. Hortaz, Bizkaiko bertsogintzearen etorkizuna bermatuta dagoala esan leiteke.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!