Jakinduriek mundue erreko dau!

Bizkaie! 2021-11-29 12:24   Euskerea berbagai

Abenduaren 1ean da hitzordua Bilbon, 18:30ean.

Jakinduriek mundue erreko dau! izenburupean, Kike Amonarriz izango da aurkezle Andoni Egaña eta Onintza Enbeitia bertsolariek, Xabier Artaetxebarria injineruak, Miren Basaras mikrobiologoak eta Josu Lopez-Gazpio kimikariak parte hartuko daben ekitaldian.

Jardunaldiak, Bidebarrieta Kulturgunearen eta UPV/EHU-ko Kultura Zientifikoko Katedrearen lankidetzegaz, euskerazko hiru berbaldi izango ditu, 10 minutukoak.

Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturguneak Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatuko dau abenduaren 1ean, bertsozientziaren eskutik. Hitzordua Bilboko Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian izango da. 18:30ean.

Ekimena UPV/EHUk Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatzeko atondutako Euskerearen Astea programearen barruan dago (Zemendiaren 29tik abenduaren 3ra). Informazino gehiago eta egitaraua hemen

Diziplina bi buztartzea da kontua, zientzia eta bertsolaritzea. Halan da be, mugak gainditzea proponiduten da, zientzia kontau eta kantetan dauen funtzino berezia eskaintzeko publikoari. Kike Amonarriz aurkezlea eta soziolinguistea izango da ekitaldi honetako gidari. Ezagutza zientifiko zabaltzeko errima perfektua bilatzea helburu dauen ekitaldi honetan, Amonarrizegaz batera izango dira mikrofono aurrean, Andoni Egaña eta Onintza Enbeitia bertsolariak, Xabier Artaetxebarria injinerua, Miren Basaras mikrobiologoa eta Josu López-Gazpio kimikaria.

Jardunaldiak, UPV/EHU-ko Kultura Zientifikoko Katedrearen laguntzea dau eta, besteak beste, zientzialari bakotxak 10 minutuko berbaldia eskainiko dau euskeraz, labur-labur eta modu atseginean azaltzeko zenbait kontzeptu zientifiko: portaera altruistea naturan, One Health (osasun bakarra) ikuspegia gaixotasunei aurre egiteko eta uzkerren analisi kimikoa, hurranez hurran.

Berbaldi bakotxaren ondoren, Amonarrizek gai bat emongo dau, bertsolariek irudimena askatu eta bertsotan inprobisetako aukerea izan deien; gainera, ekitaldian, bertaratutakoen ezagutzea be neurtuko da, beste modu batez neurtu be, eta irabazleek saria eroango dabe.

Berbaldiak

Xabier Artaetxebarria, injinerua: Zergatik gara onak?

Xabier Artaetxebarria Telekomunikazino Sistemen Injinerutzan lizentziau zan Nafarroako Unibersidadean eta doktorego-tesia Iruñeko CIMA ikerketa-zentroan egin eban, medikuntzan nahiz biologian erabilitako irudien analisi automatikorako algoritmoetan oinarrituta. Berbaldian, Zergatik gara onak?, naturan ikus geinkezan jarrera altruistak zelan garatu diran azalduko dau, baita izakera hau non agertzen dan hautespen naturalaren teorian zehar.

Miren Basaras, microbiologoa: Mendeetako iraunkortasunari eutsiz 

Mikrobiologoa eta Biologian doktoratua, Mikrobiologiako irakasle titularra da UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultadean eta unibersidade bereko Mikrobiologia eta Osasunari buruzko Masterraren arduraduna. Bidebarrieta Kulturgunearen eszenatokian One Health -Osasun Bakarra- kontzeptua zer dan azalduko dau. Gizakien eta animalien osasuna interdependenteak dirala eta, aldi berean, bizi diran ekosistemetara lotuta dagozala dino kontzeptu honek.

Josu López-Gazpio, kimikaria: Uzkerren analisi kimikoa

Josu López-Gazpio, Kimika-Zientzietan lizentziau eta Kimikan doktorau zan Euskal Herriko Unibersidadean, eta irakaslea eta zientzia-dibulgatzailea da. Egun, Udako Euskal Unibersidadeko (UEU) Kimika saileko arduraduna da eta UEU eta UPV/EHUren Irakasleen Prestakuntzarako Unibersidade Masterreko irakaslea. Uzkerren analisi kimikoa berbaldian, Josu López-Gazpio danontzako ezaguna dan kontzeptu bat izango dau abiapuntu: Flatulentziek edo hesteetako gasek eragindako uzkerretatik beste kontzeptu zientifiko batzuk jorratuko ditu, besteak beste, gasen legeak, soinua, usaimena edo hartzidurea.

Bertsolariak

Andoni Egaña, Euskal Filologian lizentziatua, Euskaltzaindiaren euskaltzain urgazlea, idazlea eta bertsolaririk ospetsuenetakoa da. Lau aldiz irabazi du Bertsolari Txapelketa Nagusia: 1993an, 1997an, 2001ean eta 2005ean.

Onintza Enbeita, Kazetaritzan lizentziatua, kazetaria eta bertsolaria da. Kazetari lanak egin ditu hainbat komunikabisetan, besteak beste, Berrian edo Euskal Telebistan. Onintza Enbeitak Bizkaiko Bertsolari Txapelketea irabazi eban 2018an eta txapela jantzi eban lehen emakumea izan zan.

Sartzea doban eta librea izango da leku guztiak bete arte. Bertaratzerik ez badago, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunean.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu