Bilbotik Glasgowra, ahalik eta emisino gitxien eta kontzientziazino gehien sortuta
2021-11-29 12:23 Ibilian-ibilianPolita baizen gogorra izan da 2.831 km-ko bidaia, bizikletan, trenean eta itaasontzian.
Abentura barri bat dakartzuet gaurkoan! Duela aste eta erdi, laneko bidaia batetik bueltau ginan, baina ez ohikoak diran laneko bidaia horreetako batetik, esperientzia aberasgarri eta gogor batetik baino. Gure helburua argia zan: Bilbotik Glasgowra joatea 12 egunean, klima larrialdiaren goi bilerara heldu ahal izateko, bidean informazinoa bialduz, munduko batzarraren kanpoaldean hiru egunez informau eta etxera buelta.
Hori bai, errazena hegazkina hartu eta bertara joatea izango zan, baina klima larrialdiaz berbetan bagabiz ez da ba garrantzitsuagoa kontzientziazinoa? Hortaz, bizikletaz, trenez eta itsasontziz egin genduan bidaia, autorik, autobusik eta hegazkinik hartu barik. Lau herrialde zeharkatu eta geure helburura heldu: Euskal Herritik hasi, Frantzia alderik alde pasau, handik Ingalaterrara, eta Eskoziaraino. Behin han, Aberdeenera joan ginan lehenik eta ondoren Glasgowra.
Eta bidean zer? Ba, bidean, abenturea bizi eta egunez egun hainbat gorabeherari aurre egin behar izateaz gan, kazetaritzea egin genduan, geure lana. Horretarako, egunero, zuzenekoak telebistan, albistegietan zein saioetan, irratian be zuzenekoak, eta sare sozialetan zuzenekoak eta jarraipen zabala egitea ahaztu barik. Egunero, bideoak grabau eta editau, eta Instagram stories-en bidez emoten genduzan. Ganera, leku bakotxean alkarrizketatu bat izaten genduan lotuta: personak, alkarteak, komunidadeak... Danak klima larrialdiaren aurrean ekiten eta sortzen dabizanak munduan zehar. Alkarrizketak EiTBko medioen bidez zabaldu genduzan.
Persona zoragarriak ezagutu doguz, alkarrizketatu bakotxagandik ikaragarri ikasi dogu eta konturatu gara jentea ez dagoala geldirik, badagozala kontzientziazino handiko alkarte eta komunidadeak eten barik klima larrialdiaren arazo global eta garrantzitsuari urtenbideak bilatu edo ahalik eta gehien leuntzeko ahaleginean. Etxean lez hartu gaitue danek, ikaragarri jagon gaitue eta asko balorau dabe geure ekimena. Plazera izan da, benetan, eurak alkarrizketatzea, bai Frantzian, bai Ingalaterran eta baita Eskozian be.
Anekdotak ere mila eta bat izan doguz, zelan ez. Egin kontu, 16 eguneko tankera honetako bidaian danetarik izan dogu. Leku guztietan mina, leku guztietan arazoak, baina Hodei Arrausi kazetariak, Amane Iglesias kameralariak eta hirurok sekulako talde ederra osotu dogu, batak besteari laguntzinoa eskaini deutsagu, alkar babestuz eta familia itxurea hartuz. Plazer handiz bizi izan dogu abentura hau alkarregaz, hainbatetan esan dogu beste batzukaz izan balitz ezbardina izango zala, baina inoiz ez holakoa. Orduan, eskerrak emon behar deutsaguz EiTBri gu alkartzeagaitik. Lankide biek urte pilo bat daroez lanean, baina ez nebazan ezagutzen, eurek ni be ez. Beraz, lanaz eta esperientziaz gan, lagun handiak bihurtu gara betiko.
Gogoan dot lehen etapeari ekin baino lehen, Bilbotik Elgoibarrera bizikletaz, zuzeneko bat egin genduala sare sozialetan eta bidean EiTBko kamelarariak egozala Bizkaiko hainbat lekutan grabetan. Beraz, telebistan eta sare sozialetan ikusi gintuanez, Zaldibarren geldialditxu bat egiten gengozala, tipo bat etorri jakun etxeko intxaur poltsa bategaz, bidean eroateko eta indarra emoteko. Ederra izan zan, benetan, oparia, asko eskertzen doguna!!
Gerora, bai Elgoibarren eta baita Hendaiara heldu bitartean be, jentearen berotasuna sentidu genduan. Bestalde, nazinoartean, jenteak pilo batek lagundu deusku, trenetan zein arineketan ibili garenean: bizikleten bagoia non egoan esaten euskuenetik hasi eta euren etxean eta herrian dana eman euskun Marie Clair-en komunidade ederreraino. Bere etxean egin genduan lo eta eleiza baten barruan bazkaldu, bertan alkartzen dalako komunidadea. Kindness izenpean inon baino hobeto tratau gintuen. Gure alkarrizketatuak izateaz gan, lagun bikainak be egin genduzan Todmordenen. Idiazabal gaztai bat bialdu beharko deutsegu!
Eskerrik asko, bihotzez, EiTBren kanaletatik, sare sozialetatik, irratitik, telebistatik gu jarraitzen egon zarien guztioi. Gugaz sentidu zaituegu, unerik gozoenetan eta unerik gogorrenetan. Ikusi dogu gauzak beste era batera egin daitekezela, baina hori ez dala bape erraza, beraz, erraztasunak jarri behar dirala. Kontzientziazinoa ezinbestekoa da klima larrialdiaren aurrean. Mundua sortzen eta buruari eragiten dabil, eragin deiogun geuk be!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!