'Dena asmatuta dago' lanak irabazi dau VI. Benito Ansola saria
2021-11-29 07:45 ZinemeaFilm onenaren saria, Iban del Camporen Serendipia lanak eroan dau.
20 film izan dira aurtengo Euskal Zine Bilerako Sail Ofizialeko filmen lehiaketan parte hartu dabenak. Danak zemendiaren 22tik 25era ikusi ahal izan dira Ikusgarri zinema-aretoan eta zinebilera.eus orrialdean. Genero eta izakera oso ezbardinetako lanak ikusi ahal izan dira jaialdian eta aniztasun horren bidez, istorio ikusgarri eta interesgarriez gozetako aukerea egon da.
Film horreen guztien artean hiru izan dira nagusitu diranak. Saridunak erabagitearen arduradunak Izaskun Arandia, Iratxe Fresneda eta Ane Pikaza zinemagileak izan dira. Esperientzia eta ikus-entzunezko sektorearen ikuspegi zabaleko epaileek erronka handia izan dabe film laburren artean onenak aukeratzeko.
Film onena, Zuzendaritza onena, Gidoi onena eta EITB Ikusleen saria
Zinemagintzearen mekanismoa koherentzia osoz praktikan ipini dauelako. Serendipia filma ariketa formal ona dalako bere osotasunean. 44. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria eroan ditu.
Amancay Gaztañaga eta Joseba Usabiaga dira film laburreko aktoreak. Lantaldean dagoz Silvia Rey gidoian, Esteban Ramos erretratu-zuzendaritzan, Loreto Agirre produkzino-zuzendaritzan, Leire Orella jantzien diseinuan, Jone Gabarain makilaia eta uleapainketan, Inge Mendioroz muntaian eta Maite Arroitajauregi (Mursego) musika konposizinoan.
Limbus Filmaken produkzino hau, Zineuskadiren Itxitik deialdiari esker azaldu jaku, EITB eta Laboral Kutxaren babesari esker. Donostiako CIC nanogune eta Zumarragako Antio Interpretazino Zentroan filmau eben 2020ko abenduan.
Serendipia fiima ikusteko hurrengo aukerea Durangoko Azokan izango da. Bertan aurkeztuko dau Iban del Campok abenduaren 4an, zapatuan, eguerdiko 13:00ean, Irudienean.
Zuzendaritza onenaren saria, Josu Martinezen Subandila, jazoera historiko parebakoa. Narrazino bikain eta zuzendaritza azpimarragarriagaz. Santutxuarrak 1.600 euro eta Zidarrezko Antzarra irabazi ditu.
Gidoi onenaren saria, Jorge Moneoren Begiak Hesteko Artean lanak irabazi dau, zinemearen idazkuntzearen mugakaz plgetan dauen artefaktu bikaina. Aitagarria da zelako lana dagoan artxibo zereginetan eta irudi eta soinuagaz egin dituan olgetak ikusleari indarra transmitiduta. Soinua irudia bezela protagonista
bilakatzen da. Moneorentzat 1.600 euro eta Zidarrezko Antzarra.
Azkenik, ikusleek astean zehar emondako botoen bidez EITB Ikusleen sariaren irabazlea zein izan dan ezagutu dogu. Ikusleek erabagi dabe irabazlea Gorka Ezkibelaren Ostendene izatea, batez beste, 5etik 4,55 puntu lortuz. Beraz, Ezkibelarentzat Zidarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.
Era berean, epaileek aitamen berezia egin gura izan deutsee pelikula biri: Alde batetik, Eukeni Arriortuaren Memoria lana, artelanaren sorkuntza prozesuaren erregistro edarra egiteagaitik. Ikuslea prozesu horren partaide egiteagaitik. Bestalde, Pello Seron eta Unai Zaballaren Yauri Etxalde filma azpimarratu dabe, jorratzen eta plazaratzen dituan gaiak emozinoa transmitiduten dabe; jorratutako gaiak zer pentsau emoten dau.
Euskal Zinemearen Begiradea: Euskal Animazinoa
Euskal zinemagintzearen figurea eta ekimenak omentzeko asmoz Euskal Zinemearen Begiradea, Euskal Animazinoa finkatu eta horretan lanean etenbarik jarraitu dabenak omendu ditue: Aitzindari izan diranak eta urtero lan horretan jarraitzen dabenak. Espazio honetan produkzino etxe nagusi bi ditugu Euskal Herrian, Baleuko eta Dibulitoon. Honeek, publiko barriak sortzeko lanean eragin handia dau, zinemazale barriak hezten dira aitatu etxeen lanari esker. Eta Euskal Zinemearen barruan, Juanba Berasategi moduko bidegileek egindako lanaren testigua bizirik mantentzen dabe. Euskal Zine Bilerak jarri eban lehen Begirada Juanbarengan eta orain, euskal zinemagintzearen industrian, euskal filme luzeetan sinisten jarraitzen dabenakan jarri dabe, gero euskal zinemea egiten jarraituko dabenentzako haziak ereitea dan neurrian.
Benito Ansola Bekea
Euskal Zine Bilera eta Euskaltzaleen Topaguneak alkarlanean urte birik behin emoten dauen Benito Ansola sariak 6. edizinoa ospatu dau aurten. Helburua gazteei euskerazko ikus-entzunezkoak barriak egiteko bidea zabaltzea da, horretarako 3.000 euroko beka hau eskainiz. Gogoratu daigun Benito Ansola sariaren
irabazlea aukeratzeko deialdia egin eta ondoren epaimahaia osotzen dala irabazlea aukeratu ahal izateko. Aurtengo proiektu irabazlea Dena asmatuta dago izan da eta bere arduradunak Jone Arriola Lobete, Ana Angulo Umaran eta Itxaso Frau Terradillos dira.
Proiektu irabazlea beste lan bigaz lehiatu da finalean: Imanol Gurrutxagaren Deserri eta Aimar Erkiagaren Bi hankako zakurra, hain zuzen.
Epaileek lnabarmendu dabenez, proiektuaren produkzino diseinu oso landua eta bideragarria da eta, bestetik, gaur egungo errealidade aldakorrak gazteen hartu-emonetan eragin leiken hausnarketa modu zintzoan, ñabarduraz eta estereotipoetatik harago plazaratzeak dauen interesa.
Irabazleek hamar hilebeteko epea izango dabe orain proiektua gauzatzeko, 2022ko Euskal Zine Bileran estreinatuko baita lan saritua.
Zinemak mobiduten gaitualako
2022an barriro be euskerazko zinemea bultzatzen jarraituko dau Euskal Zine Bilereak. Era berean, irabazleak eta partaide guztiak be zoriondu nahi ditue, euren lanetan erakutsitako trebezia eta originaltasunagaitik. Eta ez hori bakarrik, egunez egun Ikusgarri zinema-aretora eta zinebilera.eus orrialdearen bidez jaialdia jarraitu daben ikusleei be eskerrik beroenak emon gura jakez antolakuntzatik.
Azkenik, aurtengo jaialdiaren parte izan diran laguntzaile eta babesleak be gogorarazo nahi ditue: Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzea, Eitb, Erabil, (H)emen, Eusko Label, Zinegin, Hitza, Euskaltzaleen Topagunea, Zinemazaleak Alkartea, Ibaia, Zinea.eus, Arragua, Kimuak, Animadeba, Euskadiko
Filmategia, Elías Querejeta Zinema Eskola eta ZineLab, Lekeitioko Udalak atontzen dauen Euskal Zine Bilerea aurrera eroateko laguntzea eta babesa eskaini daben eragileak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!