Saioa Alkaizak irabazi dau Nafarroako Bertsolari Txapelketea

Bizkaie! 2021-11-29 08:28   Bertsolaritzea

Anaitasuna kiroldegiko finalean 1.750 entzule batu dira.

Saioa Alkaiza eta Estitxu Arozena (argazkia: XDZ-Josu Santesteban) | Ikusi handiago | Argazki originala

Txapeldun barria dau Nafarroak, lehenengo aldiz Saioa Alkaizak irabazi dauelako, 1.750 lagunen aurrean Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatutako finalean. Ibilbide luzea dau Alkaizak, baina orain arte Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalera heldu barik egon da. Lehen finala eta lehen txapela, beraz, berarentzat. Eneko Lazkoz izan da bigarren.

Zortzi bertsolarik igon dabe oholtzara, urriaren 2an hasitako txapelketan kanporaketarik kanporaketa onenak izan diranak. Ekitaldiaren lehen zatian, bosna ariketatan kantau dabe zortzirek: binaka zortziko handian, binaka zortziko txikian, banaka puntu erantzunean, binaka hamarreko txikian, eta banaka bakarkako lanean. Ariketa horreetan Saioa Alkaizak eta Eneko Lazkozek batu ditue puntu gehien, eta horrenbestez, buruz burukora pasau dira.

Hirugarren buruz burukoa izan dau Lazkozek Nafarroako Txapelketan, baina oraingoan be ez dau txapela jantzi, puntu gitxiko aldeagaitik izan bada be. Epaileek, danetara, 995 puntu emon deutsez Saioa Alkaizari eta 992 Lazkozi. 

Orain arte txapelduna, Julio Soto, hirugarren izan da 2021eko edizino honetan (627,5 puntu). Ondoren honeek: Joanes Illarregi (596), Xabier Silveira (592,5), Xabat Illarregi (582,5), Josu Sanjurjo (580,5) eta Eneko Fernandez (573). 

Finaleko epaileak honeek izan dira: Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena.

Behin puntuazinoen barri emonda, sariak banatzeko momentu hunkigarriaren txandea izan da. Estitxu Arozenak jantzi deutso txapela Saioa Alkaizari, eta era horretan, omenaldia egin deutso Nafarroako Bertsozale Alkarteak Arozenari. Ganera, Igor Elortzak oroigarria emon deutso irabazleari, Alkartearen izenean.

Ganerako sariak Nafarroako lau kultur alkartetako ordezkariek emon ditue -Goizuetako Umore Ona, Iruñeko Zaldiko Maldiko, Lesakako Arrano eta Tuterako Beterri-; era horretara, alkarteok urteetan bertsolaritzearen alde egindako lanari keinu egin nahi izan deutse antolatzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu