Alfontso Mujika euskaltzain oso izentau dabe

Bizkaie! 2021-11-26 13:17   Euskerea berbagai

Iruñean egindako Osoko Bilkuran, Akademiako kideen onespena izan dau injineru eta hizkuntzalari gipuzkoarrak.

Alfontso Mujika, Elhuyarrek zabaldutako argazkian | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiak kide oso barria onartu dau, Iruñean egindako Osoko Bilkuran. Emeritu izatera pasau dan Ibon Sarasolaren lekukoa hartzeko hautagai bakarra egon da, Alfontso Mujika Etxeberria injineru, hizkuntzalari eta Elhuyar Fundazinoko behargina, eta haren alde egin dabe euskaltzainek. Zortzi hile izango ditu sarrera-berbaldia atontzeko. 

Injinerutza Tekniko Industriala ikasi eban Alfontso Mujika Etxeberriak (Donostia, 1959), baina hizkuntzeari lotutako zereginetan ibili da gehienbat. AEK-ko irakasle, UEUko kudeatzaile eta ETBko Teknopolis saioko erredaktore eta zuzendari izan zan. Elhuyarren, hiztegi eta entziklopediak egiten parte hartu izan dau.

Hizkuntza-aholkularitzan Elhuyarren egiten dauen lanaz gan, Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeko kidea da 2008tik eta Donostiako Tecnun Injinerutza Goi Eskolako irakaslea 2017az geroztik.

Euskaltzaindian bertan be, ekarpen ugari egindakoa da Mujika. Exonomastika Batzordeko kidea da 2002tik, eta Onomastika Batzordeko idazkari 2017tik. Euskara batuaren eskuliburua proiektuaren aholkulari izan zan. Euskaltzain urgazle izentau eben 2006an eta aurrerantzean euskaltzain oso izango da.

Euskaltzaindiaren araudiaren arabera, 24 euskaltzain oso egon behar dira, eta 75 urte beteten dituenean emeritu izatera pasetan dira. Gaur egun, Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Txomin Peillen, Patxi Uribarren eta Ibon Sarasola dira bizirik dagozan euskaltzain emerituak. Euskaltzain urgazleak eta ohorezkoak be badagoz. 

Alfontso Mujika Akademiaren historiako 94. euskaltzain osoa da. Laster helduko da hurrengoa be, Xabier Kintana emeritu izatera pasau danetik hutsune bat dagoalako. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu