Silitia taldeak irabazi dau Gaztearen 30. Maketa Lehiaketea

Bizkaie! 2021-11-26 11:17   Musikea

Udda eta Mirua be saritu ditue.

Silitia, Bilboko Kafe Antzokiko finalean (argazkia: Gaztea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal musikearen talentu barriak topetako harrobia da aspalditik Gaztea irratiaren Maketa Lehiaketea. Dagoeneko 30. edizinora helduta, aurtengo finala Bilboko Kafe Antzokian izan da. Lau talde finalisten artean, Silitia talde bizkaitarra aukeratu dau epaimahaiak. Hortaz, 5.000 euro irabazi ditue Silitiakoek, eta 2022ko Bilbao BBK Live jaialdian joteko eskubidea be bai. 

Kafe Antzokia jantzan jartea lortu dabe Silitiakoek, doinu ausart eta bizkorrei esker. Gazteako zuzendari Xabier Doncelek saria emon deutsenean, euren izeko baten urtebetetzeaz gogoratu dira Silitiakoak eta Zorionak zuri kantau deutse oholtzatik. Epaimahaiak hain gustuko izan dauen freskotasunaren beste erakusgarri bat izan da hori. 

Beste hiru finalistak Udda gasteiztarrak, Mirua hirukote tolosarra eta Sara Azurza bakarlaria (bandeak lagunduta) izan dira. Danak ez dira esku hutsik joan Kafe Antzokitik: Entzuleen Saria Uddak irabazi dau, publikoak sarearen bidez emondako babesari esker; 2.500 euro eroan ditue gasteiztarrek.

Miruak, ostera, Harrobia Saria irabazi dau, Oso Polita diskoetxeak emondakoa. Horri esker, lau kantuko EPa grabau ahal izango dabe. 

Sari nagusia ebatzi dauen epaimahaian hiru lagun egon dira: Izaro Andres, Julen Idigoras eta Josu Billelabeitia. Lau proposamenak adi-adi entzun eta gero, beste ordu erdi inguru behar izan dabe behin betiko erabagia hartzeko. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu