34. Rafael Mikoleta Euskerazko Ipuin Lehiaketan izena emoteko epea zabalik

Bizkaie! 2021-11-26 10:52   Euskerea berbagai

2022eko urtarrilaren 28ko 14:00ak arte aurkeztu daitekez lanak.

Bilboko Udalak atondutako Rafael Mikoleta Ipuin Lehiaketeak euskerazko lehenengo gramatikearen egilearen izena dauka. 1988tik atontzen da, euskeraz irakurteko eta idazteko zaletasuna zabaltzeko eskola-umeen artean.

Udalak uriko gazteak animetan ditu euskerea eta euskerazko literaturea modu original eta dibertigarrian landu deien, umeentzako ipuinak idatziz.

Aurreko edizinoan, 922 ipuin aurkeztu zituen 8 eta 16 urte bitarteko edade txikikoek.

Oinarriak

Lehiaketea Bilbon erroldautako edo uriko ikastetxeren batean ikasten daben Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago. Gazteek honako baldintza honeekk bete behar ditue:

Ipuinek euskeraz idatzitakoak izango dira eta marrazkiz horniduta.

Jatorrizkoak, argitaratu bakoak eta beste lehiaketaren batean aurkeztu bakoak izan behar dabe.

Egile bakarra izan behar dabe eta irakurteko moduan idatzita egon behar dabe: ordenagailuz, idazmakinaz edo letra argiz.

Gaia librea izango da.

Luzerea 2 eta 4 folio artekoa izango da.

Ipuinak aurkezteko epea 2022ko urtarrilaren 28an, 14:00etan. Aleak Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntza Saileko Euskera Zuzendariordetzan aurkeztu beharko dira (Venezuela plaza 2, 7. pisua – 48001 Bilbo).

Lanak aurkezteko moduari jagokonez, jatorrizkoa (koloretan) eta kopia bat aurkeztu behar dira. Egilearen datuak ez dira agertu behar izenburuaren ondoan; ikasturtea eta zein kategoriatakoa dan adierazo behar da.

Erantsitako fitxa batean, ipuinaren kategoria eta izenburua, egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa, irakaslearen izen-abizenak eta eskolearen izena jarri beharko dira.

Lehiaketearen oinarriak www.bilbao.eus webgunean eta www.bilbaoeuskaraz.eus orrian dagoz. Gainera, Bilboko ikastetxeetan eskuzko 2.000 egitarau banatuko dira, lehiaketea eta oinarriak iragarteko.

Kategoriak

Hamalau sari egongo dira, lau kategoriatan banatuta (A, B, C eta D):

A kategoria: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak.

B kategoria: Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak.

C kategoria: DBHko 1. eta 2. mailak.

D kategoria: DBHko 3. eta 4. mailak.

Kategoria horreetako bakotxean hiru sari emongo dira:

- 180 euroko balioa daben erregaluak.

- 140 euroko balioa daben erregaluak.

- 100 euroko balioa daben erregaluak.

Bada beste kategoria bat: Bilbao Balioen Uria Saria, Bilboko Balioen Agirian jasotako balioetako bati erreferentzia egiten deutsen ipuin bi saritzeko. Sari bi horreetako bakotxa 150 eurokoa izango da eta DBHko ikasleentzat dira biak.

Epaimahaia

Literaturearen munduari lotutako personak dira: Igone Etxebarria, Txani Rodríguez, Lutxo Egia, Juan Ramón Madariaga, Julen Gabiria, Irune Urrizelki, Galder Urzaa eta Goizalde Landabaso.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu