Dupla bikoteak 'Nahieran' diskoa dakar

Bizkaie! 2021-11-26 08:25   Musikea

Jantzarako erritmo ugari buztartu ditue lan barrian.

Nortasun bakar baten ordezkari izan beharrean, hango eta hemengo eraginen fusinoa da Dupla, eta, beharbada, horregaitik izan dabe hainbesteko arrakastea azken hileotan era guztietako publikoaren artean. Doinu urbanoak lantzen ditue, baina landa-eremutik datoz, Aguraindik. Elektronikea, erritmo satirikoak eta lelo aberasgarriak batzea da euren ezaugarria.

Pandemiak euskal musikeari kolpe gogorra jo deutsan arren, Dupla ez da geldirik egon, zuzenean agertzeari ez deutse uko egin, ezta kantu barriak lantzeari be. Horren emoitzea dakarre orain, Nahieran izeneko diskoa, formatu fisikoan zein digitalean. Betiko lez, askotariko doinuak fusionau ditue, reggaetoi eta rocketik hasi eta elektronikara, euskal folketik pasauta. 

Jantzarako zein ikuskizun lez gozetako moduko diskoa agindu dabe Dupla bikoteak eta Bidean Produkzinoak etxeak. Haritz Harreguyk egin dau produkzinoa eta konponketak Alex Ferrerrek. Musikea, berbak eta nortasuna, jakina, Dupla bikotearen esku egon dira, baina kolaboratzaile batzuei atea zabaldu deutse.

Esate baterako, Tapia eta Leturia bikote mitikoagaz grabau dabe kantuetako bat, Erromeria (bideoklipa hemen). Beste kolaboratzaile batzuk izan dira Evaristo, Kaotiko, Glaukomako Juantxo, Sara Zozaya, Skakeitan, Panxo (Zoo) eta Xsakara.

Nahieran kantuko diskoko kantuak aurkezteko, zuzeneko birea hasiko dabe abenduan. Lehenengo, abenduaren 18an, Hatortxu Rock jaialdian izango dira. Urtea amaitzeko, 30ean, Ondarroako Beikozinin entzun ahal izango doguz eta 2022a Bilboko Kafe Antzokian hasiko dabe, urtarrilaren 13an. Ondoren, Murtzia, Gasteiz, Zaragoza, Arrasate, Segovia, Madril, Donostia, Zamora eta Valentzian ditue hitzorduak lotuta. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu