Txistua eta orkestra sinfonikoa buztartu ditu 'Gutizia' diskoak
2021-11-25 09:31 MusikeaGarikoitz Mendizabalen eta Euskadiko Orkestrearen arteko lankidetzan oinarritu da proiektua.
Musikearen barruko mundu bik bat egin dabe Gutizia disko bikotx barrian, euskal txistuak eta orkestra sinfonikoak. Izan be, Garikoitz Mendizabal txistulariaren eta Euskadiko Orkestrearen arteko kolaborazinoa da lana, Orpheus Classical zigilupean argitaratua. Formatu fisikoan zein plataforma digitaletan dago eskuragarri.
Txistu eta orkestrarako idatzitako bederatzi obraren interpretazinoa dakar lanak; konposizino batzuk barriak dira eta beste batzuk, aurretik egindakoen bersinoak. Jatorri ugaritako sortzaileen doinuak diranez, bidaiatzat aurkeztu dau diskoa Euskadiko Orkestreak, pieza bakotxak historia eta motibazino jakin bat ditualako atzean.
Gutizia-n topauko doguz, besteak beste, Kenyari omenaldi bat (Karibu Peponi); gizakiak bizitza osoan bizi dituan emozinoen erakustaldi bat (Leyenda); txistuaren aldarrikapena (Symphony-Concerto); eta Libanoko konpositore Naji Hakimenek euskal doinuak inspirazinotzat hartuta eta txistua instrumentu-bakarlari lez aurkezteko hiru mobimenduko kontzertua (Txistu eta orkestrarako kontzertua).
Delicatessen erako diskoa dala dino Euskadiko Orkestreak, modu naturalean buztartu ditu euskal kulturan zuztartutako txistua eta orkestra sinfonikoa. Zezeilean grabau eben, Donostiako Miramonen.
Garikoitz Mendizabal Bilboko Udal Txistulari Bandako kidea da, eta txistua bultzatzen, beste tresnen pare jarten eta bide barrietatik eroaten ahalegin handia egin dau. Orain orkestreagaz egin dauen moduan, aurretik be txistua beste artista eta formatu batzukaz buztartzeko proiektuetan ibili izan da.
Hauxe da Mendizabalek egin nahi dauen ekarpena Gutizia diskoaren bidez: Etorkizunean izango diran txistulariei itxi nahi deutset orkestra handi batez lagundurik joteko aukerea eta material gehiago. Bide batez, oso ohikoak ez diran musika-tresna batzukaz egiten dan moduan (akordeoia, gitarrea...), txistuak be izango dau, naturaltasunez, orkestra sinfoniko bategaz joteko aukera gehiago, bai Euskal Herrian bai atzerrian.
Bestelako kolaboratzaile batzuek be hartu dabe parte proiektuan, danak be goi mailakoak. Zuzendaritza musikala Jaume Santonjaren esku egon da. Honeek be ezin dira ahaztu: Naroa Intxausti sopranoa, Francisco Escudero Konserbatorioko umeen abesbatzea (Eva Ugaldek zuzendua), eta Iñaki Telleria eta Marc Blanes produkzinoan eta soinuan.
Ikusi aurrerapen bideoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!