Elia itzultzaile automatikoak miloe bi erabiltzaile izan ditu azken urtean

Bizkaie! 2021-11-25 08:42   Euskerea berbagai

Gaztelaniatik euskerarako itzulpenak dira eskatuenak, baina sei hizkuntza ditu sistemeak.

Elhuyar Fundazinoak martxan jarritako Elia itzultzaile automatiko neuronalak urte bi bete ditu, eta hazkunde bete-betean dago. Lehenengo urteagaz konparauta, bigarrenean % 40 igon dira konsultak, hau da, azken urtean miloe bi erabiltzaile izan ditu. 

Eliak formatudun testuak itzultzen ditu modu automatikoan, Elhuyarrek eta Ixa taldeak sortutako teknologia erabiliz. Dobako zerbitzua da eta ez da ezelako erregistrorik egin behar. Dana dala, webgunean erregistroa egin ezkero, abantaila gehigarri batzuk izango ditu erabiltzaileak, adibidez, testu luzeagoak itzultzeko modua.

Eskuko telefonorako aplikazinoari jagokonez, Android eta iOS sistema eragileetarako aproposa da. Aplikazinoan itzuli nahi dogun testua sartzeaz gan, irakurten gabizan webgunetik zuzenean itzulpena eskatzeko aukerea emoten dau: testu-zatia azpimarratu, eta segiduan agertuko jaku Eliara joateko bidea.

Ganera, argazkietako testuak itzultzeko gauza da eskuko telefonoetako aplikazinoa. Elia zabaldu eta irudiaren parean jarri behar da, honek testua detektau eta berehala itzuli deian. 

Sei hizkuntza dagoz Eliaren sisteman, eta horreen arteko konbinazino guztietarako balio dau. Euskerea, gaztelania, frantsesa, ingelesa, galegoa eta katalana dira hizkuntzak. Erabiltzaileek gaztelaniatik euskerarako itzulpenak eskatzen ditue gehien, alde handiz (erdia pasautxu).

Kontuak kontu, 2020ko zemendian martxan ipini ebenetik, estimazino handia izan dau Eliak eskuko telefonoetan, tabletetan zein mahai ganeko gailuetan. Elhuyarrek egindako kalkuluaren arabera, 610 miloe berba baino gehiago itzuli ditu sistemeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu