Karmele Gisasola: 'Aizkolaritzeari merezidu dauen indarra emon behar jako'

Koldo Isusi Zuazo 2021-11-29 07:55   Barriketan

Zelai III 27 urteko aizkolari mallabiarra.

Zelai III 27 urteko mallabiarra, 2021eko sherpa.ai Euskal Herriko Aizkolari Txapelketan txapeldun. Irabazleak: Karmele Gisasola Zelai III eta Iker Vicente. Finalistak: Uxue Asorregi eta Maika Ariztegi eta Eneko Otaño, Mikel Larrañaga, Aitzol Atutxa (Atutxa II), Julen Albersi (Txikia IV) eta Yon Irazu.

Balorazinoa sano positiboa: Bilbao Arenan 2.400 lagun eta Gol telebista katearen zuzeneko programea, Espainia mailan lehen aldiz zuzenean emon ebana, ikusiena izan zan: Emisinoak eguneko audientzia-zatirik altuena lortu eban: % 1,8 gizonezkoen finalean eta % 1,7 emakumezkoen finalean. Danetara, 115.000 ikuslek (Tarte batzuetan 220.000) jarraitu eben finala, EAEko audientziaren % 7,8k. Danetara, 14 herrialdetara zabaldu zan ikuskizuna eta sano pozik geratu zirala jakin badakigu.

Kontuak kontu, Zelai aitaren laguntzinoagaz, Karmele umetatik dabil herri kiroletan, ingudea jasoten, txingak eroaten, aizkoran, trontzan zein harrijasotzaile ikusi izan dogu eta 2021ean Euskal Pentatloi Saria be irabazi dau. Horreek danak eta gehiago jorratuko doguz bizkaitarragaz.


1.- Zorionak Karmele oraintsu sherpa.ai Euskal Herriko Aizkolari Txapelketea irabazteagaitik. Bilbao Arenan, ia 3000 lagunen aurrean jardutea sekulako esperientzia izan da?

Bai, eskerrik asko zuoi Bizkaie! atarian tartetxu hau eskaintzearren. Pentsau ez arren, jentearen berotasuna igarten da eta gustora geratu nintzan.

Ganerakoan, sherpa.ai-koei, Xabiri eta ganerakoei eskerrak emon behar deutsedaz, sekulako lana egin eben eta holako babesleak behar doguz gure herri-kirolak babestu eta zabaltzeko.


2.- Ia 3000 lagun Bilbon baina GOL eta La Liga Sports TV OTTaren bidez, 14 herrialdetara emitiduta milazak jarraitzaile izan ditu ikuskizunak. Holako interesa dagoala ikusita, zein da zure balorazinoa?

Ona. Gol telebista kateak lehenengoz emon dau zuzenean holako txapelketa bat eta milaka lagunek jarraitu gaituela jakitea oso pozgarria da, hemen eta munduan izan dabe askok herri kirolen barri eta hau hasierea besterik ez izatea gura neuke, mugarik ez dago, kanpoan ibilita gagoz baina nork jakin aurrerantzean ze bide hartuko dauen aizkolaritzeak. Gure baserrietako lanetan dabe oinarri herri-kirolek eta hemendik kanpo be ibiliko ziran egurrak txikituten edo harriak jasoten, pozik gagoz herri-kirolek hartu daben indarragaz.

3.- sherpa.ai etxearen babesa be ezin ahaztu. Xabi Uribe-Etxebarria getxotarra dabil hor buru, sortzaile eta CEO, munduan eredu inteligentzia artifizialean...

Bai, etxerako modukoa da Xabi, badaki zer dan hau mundua eta txalotzeko da egiten dabizena. Bizkaitarra da, gure mundua, gure tradizinoak ezagutu eta baloretan ditu eta holako gehiago beharko geunkez.

4.- Ansorregi eta Maika finalisten bildurrik?

Bai, bildurra baino gehiago errespetua. Trankil joan nintzan, neure burua ez neban faboritotzat hartzen eta txapelketearen aurretik be esan neban eurak zirala irabazteko faboritoak, esperientzia handikoak dira jardun luzeetan. Nik sherpa.ait Txapelketea egin dot baina Maikak eta Ansorregik Euskadiko Txapelketea orain hilebete jokatu eben, nik ezin izan neban parte hartu tartean harriak jasoteko saioa izan nebalako. Orain urtebete ekin neutson aizkolaritzeari eta ikasteko asko daukadala pentsetan dot, astero nabil entrenamenduetan eta gustora.

Bilbao Arenan geure beharra izan zan 36 ontzako egur bi eta 45 ontzako egur bi. Mutilen kasuan, aspalditik dabiz eta errazagoa da beharra zehaztea baina gure kasuan ez egoan argi; gure proposamena izan zan kanporaketan lau egur 36 ontzakoak eta finalean, barriz, 36 ontzako egur bi eta 45 ontzako egur bi; onartu egin euskuen eta aurrera.


5.- Familiatik jatortzu herri kiroletarako zaletasuna. Aita dozu, Jose Antonio Gisasola Zelai, nebea eta lehengusua be azkoran eta harri-jasoten ibilten dira eta, beraz, zer ikusi ha ikasi...

Bai. Maisua, aita, plazarik plaza ebilen harrijasotzailea, harri handiakaz be ibili arren, harri txikiakaz espezialistea zan eta niretzako harri bolak egiten eustazan eta amak txalekoak josi; sasoi haretan emakume gitxi ebizen herri-kiroletan eta ekinaren ekinez, aurrera egin neban. Hamazazpi urte bete nituanean, aitak esaten eustan erreferenteak gizonak izan arren, 18 modalidade dagozala herri-kiroletan eta emakumeen presentzia suspertu behar zala eta ia neure burua zelan ikusten neban. Aitari ezin ezetzik esan eta hor hasi nintzan harriak jasoten, trontzan, txingak eroaten, ingudea jasoten eta azkorea be probau neban.

6.- Emakumeak herri-kiroletan bazabizie eta indartsu. Baina badira batzuk gizonak eta herri-kirolak buztartzen dituenak. Zer esango zeunskie?

Ez da gizonen terrenoa. Baserri girotik datoz herri-kirolak eta baserrietan lehen danak egiten eben danetarik, ama eta amama be ikusi izan dodaz egurrak txikitzen eta zer esango deutsut, zorionez, emakumeak be bagabiz kiroletan eta maila handian. Aurten, lehenengo aldiz jokatu dira neskentzako Harri Baldarren Txapelketea eta Neskentzako Pentatloi txapelketea. Azkoran, barriz, 2018. urtean jokatu zan lehenengo Euskal Herriko Aizkolaritza Txapelketea. Ateak zabaltzen gabiz eta herritarrek ondo hartzen gaitue, bateren batzuk beti ibiliko dira egurre emoten baina denporearen porasuz joango dira jarrerak aldatzen.

7.- Irati Astondoa nor da?

Zeanuriko aizkolaria da, laguna, aitzindaria, ateak zabaltzen ibilitakoa, aizkolaritzarako pausuak erakusten lan handia egin dauena. Erreferentea,

8.- 2021ean Euskal Pentatloi Saria irabazi dozu eta zezeilaren 27an, barriz, Mallabian, marka personala ezarri zenduan, 100 kiloko harri zilindro zaharra bost minutuan sei aldiz jasoz. Historian lau emakumek besterik ez dabe 100 kiloko harri zilindroa jaso. Palmaresean nabarmenduko zeunken beste txapelketarik?

2021eko sherpa.ai Euskal Herriko Aizkolari Txapelketea irabazi dot baina Euskal Herriko Txapelketea Nerea Sorondok irabazi dau eta, beraz, bera lako aizkolaririk ez dago.

Ganerakoan, harria jasoten badagoz emakumeak, upealako lana egin dabenak eta ni hor ibiltea 100 kiloko harri zilindroagaz lotsagarria begitantzen jatan baina egia da marka personala ezarri nebala bost minutuan sei aldiz jasota.


9.- 2015ean, Boisen izan zinan, 2016an, Washingtonen eta 2018an, Berlinen. Kanpoan zelan hartzen gaitue?

Ondo. Bilbon, Miribillan kasik 3.000 lagun batu ziran eta Gol telebista kateak zuzenean emotea garrantzitsua izan da, atara kontuak, 115.000 mila lagun, tarte batzuetan 220.000 lagun izan ziran ikuskizuna jarraitzen. Kanpoan be interes handia dago eta Boisekoa sekulakoa izan zan, berton baino harrera hobea egin euskuelako, estadio erraldoiak beteta, kaleetan sekulako giroa, holakoetan poza eta enbidia puntua sentiduten dozuz. Gure kulturea, hizkuntzea eta tradizinoak maite ditue eta askok hara osterea egin beharko leukie nor garen jakin deien.


10. 2021eko martxoaren 8aren harira, omendua izan zinan Mallabian kirol lorpenakaitik...

Bai, markea ezarriz, Euskal Herriko txapelketea irabazi barri nengoan eta omenaldia hunkigarria izan zan. Hasieran ezustean hartu neban, ze nezesidade dago holakoetarako pentsau neban baina gero gustora ibili ginan. Gainera, antxinako eta gaurko emakume baserritarrak be gogoratu nituan ze hareentzat ez egoan saririk, egun osoa beharrean emon arren.

Herri-kirolak pasinoa dira niretzako, segiduteko amesa daukat eta datu lez esango deutsut irabazi neban txapelketearen astegoienean hara eta hona ibili nintzala, Larralden, Zizurkilen eta domekan Miribillan.

Aizkolaritzeari merezidu dauen indarra emon behar jako eta egun batetik bestera ez baina gogoagaz eta pasinoagaz gauzak lortzen dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu