Euskariana jaio da, Euskadiko Liburutegi Digitala

Bizkaie! 2021-11-24 13:48   Kulturea

Erakunde, agiritegi, liburutegi eta museoek alkarlanean sortutako proiektua da.

Erakundeetako ordezkariak, Bilbon, Euskariana aurkezteko ekitaldian (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan aurkeztu dabe Euskariana, erakunde publiko eta pribaduen arteko alkarlanari esker jaio dan proiektu kultural barria. Euskadiko Liburutegi Digitaltzat aurkeztu daben horretan, iturri ugaritako agiriak gune digital bakarrean batu ditue, interesdunen eskura.

Euskal autoreek sortu daben, Euskadin argitaratu dan edo munduko edozein lekutan euskal gaiei buruz agertu dan guztia batzea da Euskarianaren helburua. Arreta berezia emongo deutse euskeraz sortutako edo euskerara itzulitako edukiei.

Ohiko liburutegien kontzeptutik harago doan proiektua da, batez be, kopuruei jagokenez: 750.000 multimedia-objektu baino gehiago ditu, euskarri fisiko oso desbardinak dituen materialen kopia digitalak: liburuak, eskuizkribuak, egunkariak eta aldizkariak; argazkiak, material grafikoak, museo-piezak, partiturak, musikako lanak eta ikus-entzunezkoak.

Gaur egun, hainbat katalogo kolektibotatik (Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Bilgunea, Ondare Bibliografikoaren Katalogo Kolektiboa) eta biltegitatik datozan funtsak batzen ditu. Erakunde ugariren (Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak, udalak eta unibersidadeak) eta Eusko Ikaskuntza, Eresbil, Sancho el Sabio, Labayru eta Benediktinoen fundazinoen ahaleginen bilgune bihurtu da.

Atzerriko iturriei jagokenez, euskal gaien inguruko funtsak dituen liburutegi nazionaletara jo dabe: Frantziako, Espainiako, Britainia Handiko eta Alemaniako liburutegi nazionalak eta AEBetako Kongresuaren Liburutegia agiri dira Euskariana elikatzen daben erakundeen artean.

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako kultura-arduradunak eta Bilboko Udaleko kultura zuzendari Iñaki López de Aguileta egon dira Euskarianaren aurkezpenean. Azaldu dabenez, ate digitala izatea da Euskarianaren helburua, euskal kultur ondareagaz zerikusia daben edukiak sarean bilatzea erraztuko dauena. Materialaren parte handi bat konsultau edo deskargetako moduan dago. 

Ganera, kalidadezko zerbitzu publikoa emongo dau, publiko orokorraren zein espezializaduaren beharrei erantzuteko, hau da, informazinoa eta irakurketa atsegina bilatzen dabenei zein ezagutza barriak sortzea helburu daben ikertzaileei laguntzeko.

Euskariana, proiektuari izena emoten deutsan kontzeptua, 1836an erabili eben lehenengoz Antoine d'Abbadiak eta Agosti Xahok (euskarienne forman). Ondoren, Arturo Campión hasi zan euskal gaien inguruan aldizkari eta egunkarietan argitaratzen zana batzen eta zabaltzen, Euskariana izenpean. Orduko Euskariana haren lehenengo saila 1896an agertu zan eta azkena, 1936an. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu