Berezko hizkuntzak desagerrarazoteko estrategia salatu dau Kontseiluak

Bizkaie! 2021-11-24 11:06   Euskerea berbagai

Katalanezko eta euskerazko murgiltze-ereduen alde agertu da.

Espainiako Auzitegi Gorenak kaleratutako epaiaren arabera, Kataluniako hezkuntza-sisteman, eskolen % 25, gitxienez, gaztelaniaz emon behar dira. Euskalgintzearen Kontseiluak ohar baten salatu dau ebatzia, Kataluniako hizkuntza-ereduaren oinarriak apurtu nahi diralako. 

Azken urteotan hizkuntza gitxituen kontra auzitegiek martxan jarritako kanpainearen parte da erabagia, Kontseiluaren ustez. Esaten gabiz potere judizialak berezko hizkuntza-komunidadeen eskubideen aldeko ekimenen kontra egiten dauela behin eta barriro, hizkuntza-politika egiten dabilela. Are gehiago, Kataluniari jagokonez, aspaldidanik izan dau jomugan bertako eredu orokortu inklusiboa, salatu dau Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok.

Katalanezko murgiltze-eredua zalantzan jarri zan aurreko aldian, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legezkotzat jo ebala gogoratu dau Kontseiluak. Urteetan legezkoa izan dana legez kontrako bihurtu izanak erakusten dau erabagiak ez dauela oinarri juridikorik.

Berezko hizkuntzak desagerrarazoteko estrategia txarretsi, eta euskerazko zein katalanezko murgiltze-ereduaren alde egin dau Kontseiluak. Kataluniaren kasua, ganera, eredugarritzat jo dau, ikasleen arteko segregazinoa amaitzeko murgiltze orokortua aukeratu dauelako. Europan be sarri txalotu izan dabe hango sistemea.

Kontseilua arduratuta dago euskerearentzat halako erabagiek izan leikezen ondorioez be. Euskal Autonomia Erkidegoan zabaldu barri da hezkuntzearen legearen inguruko eztabaidea eta hezkuntza-komunidadearen eragile nagusiek, Kontseiluagaz batera, Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen proposamena landu dabe, ikasleen arteko hizkuntza-segregazinoari aurre egiteko.

Bagilean, Batuz Aldatu dinamikearen barruan ehundik gora eragile sozialek, sindikalek eta abarrek adostu genduan euskeraz eroso egingo daben ikasleak hezteko eredu orokortua ezarri behar dala, dino Bilbaok. Inor bazterrean itxiko ez dauen eredua behar dogu, gitxien dauenari gehiago emongo deutsana

Hori guztia kontuan hartuta, batasunerako deia egin dau Kontseiluko kideak: aukerea dogu Euskal Autonomia Erkidegoan be hezkuntzan jauzia batasunetik egiteko. Katalunian bidea zabaldu eben, eta oztopoak gaindituko ditue. Euskereari jagokonez be, danok batera ekiteko ordua dala uste dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu