Deustualdeko 'Prest!' aldizkariak 20 urte bete ditu

Bizkaie! 2021-11-24 09:49   Euskerea berbagai

Zemendiaren 29an hasiko dira urteurrena ospatzeko ekitaldiak.

Ibilbide luzeko komunikabidea da Prest!, apala baina Deustualdeko herritarren artean euskerea zabaltzeko ezinbestekoa. 2001etik, hilero-hilero irakurri ahal izan doguz Deustuko errepublika zaharreko auzoetako barriak, hango jentearen eretxia eta eragileen ekimenak, beti euskera hutsean. Berbaizu euskera alkartearen ardurapean argitaratzen da.

Hogei urteko bidea gogoratu eta urteurrena ospatzeko, ekitaldi ugari antolatu ditu Prest!-ek, zemendiaren 29tik abenduaren 3ra, 20 urte eta prest! lemapean. Lehenik eta behin, San Inazio auzoko baserri zaharrak ezagutzeko ibilaldia egingo dabe, Hektor Ortegak gidatuta, hilaren 29an, astelehena. Anbulategian hasiko dira, 18:00etan.

Abenduaren 1ean izango da hurrengo hitzordua. All The President's Men filma proiektauko dabe Mullerrenea gunean (19:30). Hil horren 2an, Esti eta Mikel Markezek kontzertua emongo dabe Salesianos ikastetxeko antzokian. Sarrerak salgai dagoz Euskerearen Ertxean, Berbaizun eta Bordatxo tabernan.

Abenduaren 3a, Euskerearen Nazinoarteko Eguna izateaz gan, Prest!-en urteurreneko egitarauaren egunik beteena izango da. Gazteentzako berbaldia egingo dabe lehenengo (18:30), Euskereak independentzia, independentziak euskerea izenburupean. Ordu berean, kalejirea hasiko da Iruña kalean.

Aldizkaria auzoko euskaldunen artean ondo zuztartuta dagoala erakusteko, argazki erraldoia egingo dabe Deustuko frontoian, 19:30ean. Dei egin deutse irakurle eta herritar guztiei erretratuan agertu daitezan. Ostean, kantu-poteoa egingo dabe tabernarik taberna eta, amaitzeko, 22:00etan erromeria Oinutsik taldeagaz, auzoko Gazte Lokalean.

Deustualdeak Bilboko udalerriaren 1. barrutia hartzen dau gaur egun, hau da, Deustu, Ibarrekolanda, San Inazio, Arangoiti eta inguruko beste eremu batzuk. 1925era arte, baina, udalerri independentea izan zan, eta, horregaitik, Deustualdeak nortasun sendoari eutsi deutso. Prest!-en oinarrietako bat da auzoaren berezitasun hori gordetea, bertako herritarren, alkarteen eta kolektiboen ardurei erantzuna emonez. 

Horrezaz gan, euskerea zabaltzea da aldizkariaren helburua. Eduki guztiak euskeraz datoz eta hogei urteotan hartu-emon oparoa landu dabe Deustualdeko euskalgintzeagaz. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu