Anthony Caro eta Eduardo Chillida alkarrizketan, Arte Eder Museoan
2021-11-23 12:45 KultureaIvorypress argitaletxearentzat artista-liburu bana sortu eben.
2022ko urtarrilaren 30era arte, Bilboko Arte Eder Museoak Eduardo Chillida eta Anthony Caro artisten harribitxi bana ditu ikusgai 32. aretoan, Ivorypress argitaletxearentzat egindako artista-liburu bi hain zuzen. Reflections (Hausnarketak) da Chillidaren lanaren izenburua eta Open Secret (Agiriko sekretua) Carorena.
Kontua da ze, Ivorypress etxeak 25. urteurrena bete barri dauela, 1996an hasi zalako martxan, Londresen, Elena Ochoa Fosterren bultzadaz. Artearen inguruko argitaletxe horren lehenengo liburu biak izan ziran Chillidarena eta Carorena, eta efemeridea ospatzeko modua da Arte Eder Museoan biak ikusgai jartea.
Chillidak zein Carok liburuaren izakera eskultorikoa aztertu eben, eta berba idatzia edizinoaren partetzat hartzea erabagi eben. Erakusketearen bidez, artista bien arteko alkarrizketea sortzea izan da asmoa, Ivorypressen mende laurena gogoratzeaz gan. Europako eta Estadu Batuetako hainbat museotan urteurrenaren kontura egingo diran erakusketen parte da Bilbokoa.
Eduardo Chillida donostiarraren (1924-2022) Reflections hiru bolumenetan banatutako kutxa-eskulturea da, Ivorypressek argitaratutako lehenengo artista-liburua. Lehenengoan, papel ganeko hamaika lanen faksimileak sartu zituan; bigarrenean, ordura arte argitaratu bako koaderno baten kopia ikusi geinke; eta hirugarrenean, Chillidaren obra grafikoa kokatzen dabe Ferdinando Sciannaren argazkiek, eta John Berger eta Carlos Fuentesen testuek.
Anthony Caro ingelesaren (1924-2013) Open Secret izan zan Ivorypressen bigarren artista-liburua. Lau material erabili zituan argitalpenean, altzairua, kartoi grisa, brontzea eta latoia. Eskultura-liburua edegi egiten da, irakurleari poesiaren munduan sartzeko deia eginez.
Liburu bien osogarri, proiekzino bi be martxan jarri ditue 32. aretoko erakusketan. Erabilitako baliabide konplejuak agertzen ditue, baita era horretako edizino mugatu bat sortzeko profesionalek eta artisauek egin beharreko askotariko lana be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!