Gure Bertso Zirkua, abenduaren 11n Tolosan

Bizkaie! 2021-11-23 10:03   Bertsolaritzea

Bertsolarien eta zirkuko artisten talentuaz gozau ahal izango dau publikoak.

Ibilbide oparoa egiten dabil azkenaldion Gure Zirkua, euskerazko artistak batzen dituan zirkua, umeen zein helduen artean harrera bikaina izan dau. Proiektuaren bultzatzaileek bertsolariakaz egin dabe bat orain, eta Gure Bertso Zirkua atondu, zirkua eta bertsoa buztartzen dituan ikuskizuna. Tolosan izango dira emonaldiak, abenduaren 11n.

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Alkarguneak eta Galtzaundi Euskera Taldeak antolatu dabe ikuskizun barria, Gure Zirkuagaz batera. Bertsozale Alkartea eta Tolosako Udala dira babesle nagusiak. Izan be, plazea bizibarritzeko Bertsozale Alkartea egiten dabilen ahaleginaren parte da ekimen hau. 

Tolosako San Esteban auzoan ipiniko dabe Gure Zirkuaren karpea. Emonaldia bikotxa izango da: eguerdiko 12:00etan, umeentzako aproposa dan saioa; arratsaldeko 18:00etan, helduena. Akrobatek, malabaristek, pailazoek eta abarrek hartuko dabe oholtzea, baina ezohiko lagunak izango ditue, bertsolariak, edo berbearen funanbulistak, Bertsozale Alkarteak azpimarratu dauenez. 

Saio bakotxean parte hartuko daben bertsolariak aldatu egingo dira. Eguerdikoan, Oihana Iguaran, Haritz Mujika eta Unai Mendizabal izango dira oholtzan. Arratsaldeko saioan, Andoni Egaña, Maddalen Arzallus, Alaia Martin eta Julio Sotoren txandea izango da. Gai jartzaileak Iker Iriarte eta Imanol Artola izango dira kasu bietan.

Sarrerak erosteko egun bakarra zemendiaren 27a izango da, goizeko 10:00etatik 12:00etara. Tolosako Galtzaundi alkartean zein Villabonako Subijana Etxean (Bertsozale Alkartearen egoitzea) eskuratu ahal izango dira. Online ez ditue salduko. Goizeko saioko sarreren prezioa 5 euro da; arratsaldekoena, 13 euro. 

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu