Estitxu Arozena Albizuk jantziko deutso txapela irabazleari
2021-11-22 07:40 BertsolaritzeaNafarroako Bertsolari Txapelketako finala zemendiaren 28an jokatuko da.
Estitxu Arozena Albizu (Mutriku, 1975) izango da 2021eko txapeldunari txapela jarteaz arduratuko dana. Modu horretan, urte luzez Nafarroako bertsolaritzearen alde egindako lan guztia eskertu nahi deutso Nafarroako Bertsozale Alkarteak, bai eta igaz, 1995ean irabazitako txapelaren 25.urteurrenean (emakume batek irabazitako lehenengoa), egitekoa zan eta pandemiak galarazotako omenaldia egin.
Mutrikun 1975ean jaioa, hiru hilebete besterik ez zituala mobidu zan familia Lesakara, aitaren (Manolo Arozena bertsolaria) lan kontuen ondorioz. Hango Tantirumairu Ikastolan ikasi eban Arozenak eta han bertsozaletu zan. Lesakako Bertso Eskolan hango lehen belaunaldiko kide izan zan Arozena. 16 urtegaz kantau eban lehenengoz plazan, 1991an, Beran, Korrikaren aldeko bazkari batean, Manolo Arozena aita, Bittor Elizagoien eta Xabier Silveiragaz batera. Hurrengo urtean, 1992an, lehen aldiz hartu eban parte txapelketan.
Ordutik, 17 edizinotan hartu dau parte eta guztietan sartu da finalera. 1995ean, Nafarroako Bertsolari Txapelketea irabazita, lehen emakumea izan zan Bertsolari Txapelketa batean txapela eskuratzen. 1998an be irabazi eban txapela; txapeldunorde, bestalde, zazpi alditan izan da. 1993, 1997, 2001 eta 2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusietan be parte hartu izan eban.
Itzela da Estitxu Arozenak bertsolaritzeari egin deutson ekarpena. Psikologia eta sexologia ikasketak izanagaitik, bertso irakasle ibili da. 1998an hasi zan zeregin horretan eta ordutik, ehundaka taldeetan ibili da, Nafarroan, Hezkuntza Arautuan zein Bertso Eskoletan. Bortzirietako Bertso Eskolako eragile nagusietako bat be bada eta hamarnaka bertso saio eta egitasmotako antolatzaile.
Igaz bete ziran 25 urte 1995eko lehenengo txapelagaz jarritako mugarri horretatik baina pandemiak galarazo eban Nafarroako Bertsozale Alkarteak egitekoa eban omenalditxoa. Orain, txapela jarteko aukerea emanez, Nafarroako bertsolaritzearen alde egindako lan guztia eskertu nahi deutso elkarteak, bai eta, duda barik, aurrerantzean be egingo dauena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!