'Hitzez ekiteko garaia' goiburupean egingo da hirugarren Euskaraldia

Bizkaie! 2021-11-22 07:50   Euskerea berbagai

2022ko zemendiaren 18tik abenduaren 2ra egingo da.

Euskaraldiaren lehen bi edizinoetan jasotako ondorioak oinarri hartuta, atontzailee azken hileotan hurrengo Euskaraldiaren ezaugarriak eta helburuak zehaztu ditue. Iruñean azaldu dabenez, hizkuntza ohiturak aldatzeko sortutako ekimenak proposamen barriak egingo deutsee partaideei, orain arteko ahobizi eta belarriprest rolei eutsita, landu nahi dituen hizkuntza portaerak errazago eta jantziago egin deiezan. Orain arte, Euskaraldiak euskerearen erabilerea handitzeko traba diaen arau sozialetan eragin nahi izan dau, ohitura eta portaera barriak proponiduta. Hurrengo urtean hizkuntza ohitura horreek aldatzeko herritarrek tresna eraginkorragoak izatea da lehentasuna.

Aurreko edizinoetan egin dan lez, ahobizi eta belarriprest rolen artean hautatuko dabe Euskaraldian parte hartuko daben herritarrek, ariketa sozialeko 15 egunetan izango dituen hizkuntza jarrerearen barruan. Era berean, bigarren edizinoan barrikuntza nabarmena izan ziran ariguneak finkatzeko urtea izango da hurrengoa, izan be, pandemiaren eraginez ezin izan zan nahi beste erakundeetara heldu 2020 urtean eta hurrengo urtea izango da bigarren edizino horretan probautako arlo hori zabaldu eta sakontzeko urtea.

Datorren urtean Hitzez ekiteko garaia goiburupean egingo da ariketa sozialaren hirugarren edizinoa, Euskaraldiak salto garrantzitsua emotea nahi dabelako sustatzaileek: Hartu-emon-sozialak sozialak mugatuta egon dira hilabeteetan eta hizkuntza ohituren aldaketan salto egiteko berbea eta ekintzea buztartzeko beharra azpimarratu nahi izan da goiburuaren bidez. Hitzaren edo berbearen bidez eragiteko deia egin jake herritar eta erakundeei, hitza, berbea baita hizkuntza ohiturak aldatu eta inertziak apurtzeko tresna nagusia.

Euskaraldiaren bigarren edizinoaren ondoren egindako ikerketen ondorioetatik landu da datorren urteko ariketa soziala. Ariketan belarriprest zein ahobiziek euren inguruan eragiteko eta aldaketak sortzeko daben gaitasuna azaleratu da eta eragin hori areagotzeko tresnak martxan jartea izango da hurrengo hileotako erronka nagusia. Belarriprest zein ahobiziek, prest eta aktibauta egon ezkero, aldaketa handiak eragin leikiez euren hurreko ingurunean eta hori izango da hurrengo Euskaraldiaren helburu nagusia.

Pandemiaren eragina nabarmena izan zan 2020ko zemendian eta abenduan egindako Euskaraldiaren bigarren edizinoan eta 2022an, Hitzaren bidez kalea barriro hartzeko deia egin nahi izan dabe Euskaraldiaren antolatzaileek. Hurrengo Euskaraldia mugarria izatea da helburua: batetik, euskerearen aldeko giro sozialak kale presentzia areagotu daian eta, bestetik, euskerazko alkarrizketek barriro be Euskal Herri osoko herrietako plazak eta kaleak bete deiezan.

Euskerearen inguruko ekimenek protagonismoa izango dabe 2022. urtean, euskaltzaleon urtea izango da, berba eta ekimenen bidez euskerearen aldeko giro sozial indartsua berraktibetako eta ariketa sozial eraldatzaile indartsu bat egiteko urtea.

Herri batzordeak martxan

Hirugarren edizioan be herriz herri atondutako batzordeen sarea izango da Euskaraldiaren bihotza. Gizarte mobimentuen eragina murriztu dan pandemia sasoian be, ikusi da boluntarioen ekarpena eta euskaltzaleen ilusinoa euskerearen normalizazinoaren motor garrantzitsuak dirala. Hainbat herritan hasita dagoz eta, gaurtik aurrera, lehen zeregina lekuan lekuko batzordeak aktibau eta berratontzea izango da, herritarrek ariketa soziala hurretik biziteko oinarrizkoa baita batzordeon lana.

Bigarren lan ardatza be aurreratu dabe atontzaileek: Bigarren Euskaraldian era guztietako erakundek sortutako ariguneek jarraipena izango dabe datorren urtean egingo dan ariketa sozialean. Horretarako, era guztietako erakundeei gonbita egingo jake lehenbailehen hasi daitezan euskaraz lasai egiteko guneak identifiketan edo barriak sortzen. Hizkuntza ohituretan eragin eta euskerazko hizkuntza portaerak finkatzeko, gune horreek indartzeak aparteko garrantzia dabela adierazo dabe.

Erakundeetako ordezkariak Iruñean egindako aurkezpenean

Arrate Illaro, Euskaraldiaren koordinatzailea: Kalea berreskuratzea beharrezkoa da euskerearentzat eta euskaldunontzat. Azken urte eta erdi honetan gizarteak hartu dauen golpeari bueltea emon behar deutsagu eta datorren urtean horretarako tresnak izango ditugu. Inoiz baino beharrezkoago da berbez, ekinez, kalea irabaztea.

Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarren aurreko Hartu-emonetarako kontseilaria: Hizkuntza-ohiturak aldatzeak lan sakona eskatzen dau oraindino be, badago bidea oraindino, baina hasi gara gauzak lortzen. Euskaraldiko partaide askok euren inguruko hartu-emonetan eta euskerearen erabileran aurrerapauso garrantzitsuak izan ditue.

Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua: Ariguneak euskeraz modu naturalean aritzeko guneak dira, euskerearentzako gune erosoak, babestuak, taldearen adostasunez egiten dalako ariketa egitearen alde eta Euskaraldiaren ondorengo egunetan euskera gehiago erabilteko aukerea egongo dalako eta horri esker, eremu edo espazio horreetako hartu-emonak euskeraz izatea errazagoa izango da. Txapakaz gure berbakide euskaldunak identifiketan ditugu. Ariguneek persona horreekaz eta ohiko taldeetan euskerazko praktikak errazten ditue. Euskaraldiak inertziak apurtu eta dinamika barriak sortzen laguntzen dau eta ariguneak horretarako babesleku dira. Hori dala eta, 2022an egingo dogun hirugarren edizinora begira erakundeei dei egiten deutset Euskaraldiagaz bat egin deien.

Antton Curutcharry, Euskerearen Erakunde Publikoko presidente zein Euskal Urigune Alkargoko Hizkuntza Politikako burua: Iparraldean 500 bat eragilek Ariguneak atondu zituen joandako Euskaraldian eta horreei esker kasik 1000 Arigune izan dira, Euskeraz egiteko 1000 argi berde. Mapa polita, hainbat erabilera aukera emonez. Bolada gogorra zan herritarren arteko hartu-emonetarako, bainan Euskaraldiari esker erakutsi dogu euskereak lotzen gaituala. Ariguneek gure hurreko lagun saretik urrunago euskeraz berba egiteko aukera barriak edegi deuskuez.

Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko burua: Herritarrek euskerea erabili deien aktibetako momentua da. Gero eta gehiago dira euskerea ulertzen daben ume eta gazteak; familietan, eskoletan edo euskaltegietan euskerea ikasi dabenak; gehiengoa euskerearen aldeko jarreran dago. Halan da be egoera larria da gurea: euskerearen aldeko jarrerak indartu behar doguz, ezagutzea unibersalizetako eta erabilerea handitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu