Gorka Pagonabarraga da lehenengo finalistea
2021-11-22 07:42 BertsolaritzeaOnintza Enbeitaren eta Miren Amurizaren aurretik geratu da Etxebarriako finalaurrekoan.
2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak hasi dira, Etxebarrian. Fase honi ekiteko, goi mailako saioa jokatu dabe Etxebarrian oholtzara igon daben sei bertsolariek, 500 zaleren aurrean. Gorka Pagonabarragak batu dau punturik gehien eta, beraz, Bizkaiko finala jokatuko dau lehenengoz.
Makina bat aldiz Bilboko finalean egondako bertsolari bi atzean itxi ditu Pagonabarragak, Onintza Enbeita gaur egungo txapelduna eta Miren Amuriza. Dana dala, honeek biek be abenduko finalean sartzeko aukerea dabe, puntuen araberako sailkapenaren bidez, 500 puntuko langatik gora amaitu dabelako Etxebarriako saioa.
Lehenengo finalaurrekoko sailkapen osoa honako hau da:
1. Gorka Psgonabarraga Agorria, 529 puntu.
2. Onintza Enbeita Maguregi, 518,5.
3. Miren Amuriza Plaza, 505,5.
4. Imanol Uria Albizuri, 488.
5. Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia, 441,5.
6. Paule Ixiar Loizaga Legarra, 434.
Zihara Enbeita ibili da gai-jartzaile Etxebarriako saioan. Epaileak, ostera, Alaitz Etxanobe Bereziartua, Ander Arrien Aspiazu, Ander Txakartegi Basterretxea, Graxi Arregi Leonardo, Joseba Santxo Uriarte eta Miriam Juaristi Urizar izan dira, eta Itziar Basterretxea Olarreaga idazkari.
Bigarren finalaurrekoa Galdakaon jokatuko da, zapatuan, zemendiak 27. Han kantauko dabe Aitor Bizkarrak, Aitor Etxebarriazarragak, Etxahun Lekuek, Josune Aramendik, Oihana Bartrak eta Xabat Galletebeitiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!