'Bolante baten historia' gaur estreinauko dabe
2021-11-19 12:35 ZinemeaBarakaldon, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.
Barakaldoko Yelmo Megapark, Bilboko Golem Alhondiga, Donostiako Principe, Gasteizeko Yelmo Boulevard eta Iruñako Golem Yamaguchi dira estreinurako aukeratutako zinema-aretoak.
Jose Miguel Etxeberria –Naparra– desagerrarazo ebenetik lau hamarkada igaro diran honetan, Iñaki Alforjak eta Iban Toledok memoria historikoagaz konprometidutako proiektu honi heldu deutse, hurreko historiak ikusezin bihurtutako eta autorpena merezidu daben biktimei omenaldia egiteko.
Alforjak eta Toledok film konprometidua eta zorrotza jarri dabe martxan, baina protagonistearen eta horren familiaren intimidadetik begituta; horretan sortzen dira loturak eta enpatia eta lekuan lekuko jazoera bat istorio unibersal bihurtzeko identifikazinoa sortzen da.
Euskeraz eta gaztelaniaz filmauta, Eneko Etxeberria eta bere familiaren eraldaketan oinarritzen da, gizarte batek bere joanari zelan aurre egiten deutson, gatazka gogor baten ondoren zelan aurrera egiten dauen eta Egia, Justizia eta Erreparazino printzipio unibersaletatik aurrera zelan egiten dauen aztertzeko.
Iñaki Alforjak eta Iban Toledok zuzenduta, idatzia eta euren erretratuakaz, Danel Ciaurriz (Rocketsound) da soinu arduraduna, Kanakldude arduratu da muntaiaz eta Pello Ramirezek sortu dau musikea. Lucia Ezker da produkzino-zuzendaria. Alforja eta Toledo dira produktore eragileak. Natxo Leuzak egin dau filmaren kartela, Joseba Zabalzak bere Nombres para recordar/Gogoan hartzeko izenak liburuan argitaratutako erretratu bat oinarri hartuta.
Eneko Etxeberria, Naparraren anaia da film luze/dokumental honen protagonista. Bilaketa horretan, Celes Alvarez (ama); Oier Etxeberria (hamaika urteko semea); eta Amaia Irigoien, (emaztea) izan ditu bidelagun. Horrezaz gan, filman hainbat personaia agertzen dira aldian behin: Paco Etxeberria, Aranzadiko auzitegiko mediku aintzatetsia; Enrique Zurutuza, Komando Autonomo Antikapitalistetako kide ohia; Luciano Hazan, desagertutako personei buruzko NBEko lantaldearen koordinatzailea; Tito Eseberri, Jose Miguelen bikotekide ohia; Iñigo Iruin, abokatua; eta Eugenio Etxebeste, ETAko kide ohia.
Filma On Produkzinoak gipuzkoarrak, Iñaki Alforja nafarrak eta Vrai Vrai films frantziarrak produzidu dabe. 2019an, Sunny Side of the Doc jaialdian –Frantziako La Rochelle herrian– eta Euskal Herriko Ikus-entzunezko Produktore Independenteen Alkarteak (ibaia) atondutako hainbat forotan aurkeztu eben. Gipuzkoako Foru Aldundiaren, EiTBren, Nafarroako Gobernuaren Memoriaren Institutuaren eta Eusko Jaurlaritzako Gogora Institutuaren, Kanalduderen (Iparraldeko Telebista), Eusko Jaurlaritzako, Frantziako Zinema eta Irudi Animatuen Zentro Nazionalaren (CNC) eta Nafarroako Gobernuaren babesa dau. Era berean, Verkami plataforman mikromezenasgoko kanpaina batean parte hartzen dau eta ia 400 babeslegaz dabil lankidetzan. Gainera, artxiboko materiala ekarri dabe Hego Euskal Herriko filmotekek eta partikular batzuek. Proiektua hainbat lantegitan be aukeratu dabe, besteak beste, Media Euskadik atondutako nazinoarteko koprodukzinoari buruzkoan eta Zinebi Networking zinema dokumentalaren foro profesionalean.
Filmaren mundu-mailako estreinaldia 69. Donostiako Nazinoarteko Zinemaldiko Zinemira sailean egin da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!