'Umeen aurrean helduok heldu' aktibazino ariketea Getxon

Bizkaie! 2021-11-19 11:11   Euskerea berbagai

Zemendiaren 22tik abenduaren 5era.



Datorren astelehenean, zemendiaren 22an, martxan jarriko da udalerrian Euskaltzaleen Topaguneak atondutako Umeen aurrean helduok heldu ekimena, Euskal Herriko beste udalerri askotan bezela. Guraso, jagole, lagun, senide eta bestelako hezitzaileen arteko euskerazko praktikak sustatzeko izango da ekimena, berton, Getxoko Udalak eta Egizu eta Bizarra Lepoan alkarteek sustatuta. Abenduaren 5era arteko esperientzia 0 eta 12 urte arteko umeakaz hartu-emon zuzenak dituen eta hizkuntza transmisinoan zein eredugarritasunean eragina daben herritar helduak dira ariketako taldea. Horretarako, helduak eta umeak batzen diran inguru informaletan (parkeetan, eskola kanpoaldean, plazetan...) ekimenaren identifikazino seinaleak jarriko dira aitatutako personei gogoratzeko umeakaz euskeraz berba egitearen garrantzia: Eredu izan behar dogu gure txikien aurrean, belaunaldi barriek euskerazko hizkuntza praktikak normalizau eta barruratzeko, izan be, gure seme edo alabak euskeraz egingo dau guk euskeraz egiten ikusten bagaitue. Hori dala eta, umeakaz egoten diran nagusien laguntzea eta kolaborazinoa eskatzen dogu, bai umeakaz, bai eurekaz egoten diranei. Ariketearen barri emon deiela eta parte hartu deiela gura dogu eta konpromisoa hartu deiela ariketeari eusteko, nabarmendu dau Amaia Agirre alkate getxotarrak.

Zemendiaren 22tik abenduaren 5era bitartean umeen erreferente garen Getxoko guraso, senide eta helduok hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskera gehiago egiteko aukerea izango dogu. Gure seme-alabek euskeraz egingo dabe, helduon artean euskeraz egiten eta ondo pasetan ikusten bagaitue, azpimarratu dau Isabel Atxa amamak. Jarraian, Aitor Uribarrik, San Nikolas ikastolako irakasleak gehitu dau helduon arteko hizkuntza portaereak berebiziko garrantzia dau belaunaldi gazteek euskerearen jaubekuntza osoa izan deien, euskerearen eta haren balio sozialaren gaineko jarrera positiboa izan deien eta erabilera arau normalak barruratu deiezan. Belaunaldi gazteakan eragitea eta hareek euskerea normaltasunez erabiltea lortu nahi badogu, helduok badogu zeresana eta zeregina. Ekimenaren bidez, hain zuzen be, horretan eragitea da asmoa: euskerearen transmisinoa posible dalako.

Jarduerak

Getxon ariketa praktikoa egiteko identifikautako hainbat gune izango dira, besteak beste, herriko eskola guztietako sarrera-urteerak; Fadura eta Gobelako kiroldegiak; Iturgitxi, Gernika, Malakate, Santa Ana eta Bidezabal parkeak eta San Nikolas, Algorta Geltokia eta Bidezabalgo plazak: Gune horreetan guztietan, ekimenaren iruditegia dauen alkartze-puntu bat egongo da eta ariketeari zeozelako babesa eta ikusgarritasuna emoteko, parte-hartzaile helduek pegatina bat jarri beharko dabe. Horrezaz gan, ekimenean parte hartzen daben helduak aktibetako ekintzak atondu doguz, esate baterako, zemendiaren
26an eta abenduaren 3an helduen arteko ginkanak egingo doguz Malakaten, San Nikolas plazan eta Santa Eugenia plazan, baita tailerrak eta olgetak be. Kaleko eta eskoletako espazioez gan, etxea be izango da ariketea egiteko gune, amaitu dau Mikel Astorki, Bizarra Lepoan alkarteko kideak.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu