Ahots Baten egonaldian izena emoteko epea astelehenean zabalduko da

Bizkaie! 2021-11-19 08:56   Bertsolaritzea

Ahozko kultura adierazpideetan dabizan sortzaileak Amaiurren batuko dira abenduan.

Zazpigarren edizinoa izango dau Ahots Baten egonaldiak abenduan, eta parte hartzeko interesa dabenek izena emon ahal izango dabe astelehenetik, zemendiaren 22tik. Bertsozale Alkartearen webgunearen bidez apuntau behar da, ekimena antolatzen Mintzolari lekukoa hartu deutsalako, Euskaltzaindiagaz alkarlanean. 15 eta 22 urte bitartekoentzat da eta 100 euro balio dau egonaldi osoak.

Bertsolaritzatik jaiotako ekimena dan arren, euskeraz ahozko adierazpideak lantzen dituen gazte guztiei zuzenduta dago Ahots Baten, urte osoan ahozko literaturea jorratzen dabenen topagunea dalako. Antzerkian, kantuan, bertsotan eta halakoetan dabizanak animau ditue, beraz, parte hartu deien. 

Igaz pandemiagaitik egun banatako saio bitan egin bazan be, 2021eko Ahots Baten betiko formatura bueltauko da: lau eguneko egonaldia, kasu honetan Amaiur herri nafarreko aterpetxean, abenduaren 27tik 30era. Topaketan, ahozko adierazpideak lantzen dituen gazteek alkar ezagutu ahal izango dabe, baita euren sormena zorrozteko jardueretan parte hartu be. 

Ganera, sortzaile ezagunen bisitak izango ditue gazteek. Ane Labaka bertsolaria, Maialen Belarra gai-jartzailea, Intza Alkain aktorea, Joseba Larratxe marrazkilaria eta Miren Narbaiza musikaria dira aurtengo konbidaduak. 

2015ean egin zan lehenengoz Ahots Baten, Mintzola Ahozko Lantegiaren ekimenez, ahozko adierazpideetan dabizan gazteak batu eta alkar ezagutu deien bultzatzeko. Urtero Euskal Herriko leku baten izaten da lau eguneko egonaldia eta egitarauaren parte garrantzitsua izaten dira sortzaile ezagunek gidatutako saioak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu