Ramiro Arrue gogoan, haren heriotzearen 50. urteurrenean
2021-11-18 11:17 KultureaBerbaldiak eta proiekzinoak egongo dira Bilboko Bidebarrieta liburutegian.
Ramiro Arrue bilbotarra XX. mendeko euskal margolaririk ezagunenentako bat izan zan. 1892an Bizkaiko uriburuan jaioa, Donibane Lohizunen hil zan, 1971n. Hortaz, mende erdia bete da haren heriotzatik, eta Bilboko Udalak egitarau berezia atondu dau. Zemendiaren 23an eta 24an, Bidebarrieta liburutegian jardunaldiak egingo dira.
Baionako Euskal Museoko konserbatzaile nagusia izandakoa, Olivier Ribeton, izango da lehenengo eguneko protagonistea, 23an. Ramiro Arrue: abangoardia eta tradizinoaren artean izeneko berbaldia emongo dau, artista bilbotarraren obrearen ezaugarrien inguruan. Erretirau arte, 31 urtez egin eban behar Ribetonek Baionako Museoan, eta ederto ezagutzen dau Arrueren lana.
Hilaren 24an, ostera, ikus-entzunezkoen txandea izango da. Ramiro Arrue. Bera, él, lui izenburudun dokumentala proiektauko dabe Bidebarrietan, urteurrenaren harira egindakoa. Lekukotzen eta irudien bidez, Arrueren bizitzea, obrea eta legadua ezagutu ahal izango doguz.
Saio biak 19:00etan hasiko dira, eta sartzea doban da. Aurkezlea Udane Goikoetxea kazetari eta irakaslea izango da.
Bidebarrietakoa ez da Ramiro Arrueren heriotzearen 50. urteurrena gogoratzeko Bilbon egingo dan ekimen bakarra. Asteon aurkeztu dira Arte Eder Museoan, Obra Konbidadua programearen barruan, Ramiro Arrueren eta haren anaia Joséren koadro bana. Artelanok Parisen egon ziran ikusgai 1925ean, baina ondoren bereizita egon ziran luzaroan, harik eta Bilbon barriro alkar topau daben arte.
Ramiro Arrue artisten familia bateko kidetzat jo geinke, haren anaia José eta Ricardo be margolariak izan ziran eta. 1907an Parisera joan zan marrazketea eta pinturea ikasten, eta han ezagutu zituan bere sasoiko euskal artista ezagun ugari, adibidez, Nemesio Mogrobejo, Francisco Durrio eta Ignacio Zuloaga.
1911tik Ziburun bizi izan zan, eta 1929tik, Donibane Lohizunen. Margolaria ez eze, eszenografoa, ilustratzailea, kartelgilea eta esmaltegilea izan zan. Euskal Artisten Alkartea sortzen laguntzeaz gan, erakunde horretan ardura handiko postuak izan zituan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!