Arrue anaiek bat egin dabe Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2021-11-17 08:10   Kulturea

Parisen 1925ean erakutsi ziranetik bereizita egon diran obra bi Bilbon ikusi leitekez.

Museoko eta erakundeetako ordezkariak, 'Baserritarrak' koadroaren aurrean (argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Proposamen berezia dakar Obra Konbidadua egitasmoaren 65. edizinoak Bilboko Arte Eder Museora, XX. mendeko euskal artearen protagonista izan ziran anaia margolari biren obrak alkarregaz ikusteko modua emongo dauelako. Parisen 1925ean batera erakutsi zituen José Arrueren Baserritarrak eta Ramiro Arrueren Fandango, baina harrezkero bereizita ibili dira, harik eta Bilboko museoak biak batu dituan arte, Santander Fundazinoaren babesagaz.

José Arrueren familiak egindako dohaintzeari esker eskuratu dau museoak Baserritarrak koadroa. Fandango, ostera, Donibane Lohizuneko Udalaren aldi baterako lagapenaren bidez heldu da Bilbora, Ramiro Arrueren heriotzearen 50. urteurrenaren kontura. 

Exposition Internationale des Arts Décoratifs et Industriels Modernes erakusketan orain dala ia ehun urte alkarregaz erakutsitako koadroen ibilbidea berregin dabe Arte Eder Museoko buruek, Javier Novo ikerlaria buru. Zemendiaren 22an, berbaldi baten azalduko ditu Novok ikerlanaren nondik norakoak.

Baserritarrak eta Fandango museoko 33. aretoan ikusi ahal izango dira 2022ko martiaren 27ra arte. Obrak testuinguruan jarteko, beste material artistiko eta dokumental batzuk be ipini ditue aretoan, esate baterako, 1925eko Parisko erakusketako Stand Basque eremuaren maketea.

Ipar Euskal Herriko artea erakusteko eta hango herrietara turismoa erakarteko ipini eben Parisen Stand Basque, Arrue anaiak berez Hegoaldekoak ziran arren. Artista ugariren pinturak, zeramikak, eskulturak eta altzariak ikusi ahal izan zituan bertan Parisera hurreratutako publikoak. José eta Ramiro Arruek, biek irabazi zituen sariak erakusketa haretan. Ondoren, baina, bide diferenteak izan zituen koadroek. 

José Arrueren (Bilbo, 1885-Laudio, 1977) Baserritarrak lanean landa-eremuko eszena tradizionala ikusi geinke, ia-ia neurri naturalekoak diran figurak erdigunean. Argitasun eta indar handiko konposizinoa da.

Ramiro Arrueren (Bilbo, 1892-Donibane Lohizune, 1971) Fandango, ostera, euskal folklorearen alaitasuna erakusteko asmoz egindako panel handia da. Izenburuak dinoanez, fandango jantzea agiri da eszenearen erdigunean. Ramiro Arrueren ezaugarri artistiko nagusiak nabarmenak dira obra honetan, hau da, erromantizismoa, sintetismo estetikoa eta kolore neurritsuak.

José Arrue, 'Baserritarrak' (artistearen familiaren dohaintzea Arte Eder Museoari).
Ramiro Arrue, 'Fandango' (Donibane Lohizuneko Udalaren jaubetzako koadroa).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu