Iñaki Dieguez Akustik Trio talde barriak kontzertua emongo dau zemendiaren 21ean
2021-11-18 08:07 MusikeaAurkezpena Legazpiko Latxartegi Aretoan izango da.
Iñaki Dieguez Akustik Trio formazino artistiko barria sortu dau Iñaki Dieguez akordeoilariak, Angel Unzu eta Iker Telleria musikariakaz batera eta datorren domekan, hilaren 21ean, proiektua aurkeztuko dabe Legazpin eskainiko daben kontzertuan; hitzordua Legazpiko Latxartegi Aretoan izango da, eguerdiko 12:30ean eta sartzea doban izango da aforoa bete arte.
Euskal musikearen munduan musikari ibilbide luzeko artistak dira talde barriko hiru artistak eta indarrak batu ditue Iñaki Dieguez Akustik Trio taldea osotzeko. Esangura horretan, folk modernoaz gozetako aukerea emongo dabe.
Iñaki Dieguez (akordeoilaria), Angel Unzu (gitarra-bouzoki) eta Iker Telleria (perkusinoa) musikariek osotzen dabe talde barri hau eta folk moderno eta freskoaz jantzitako kontzertua eskainiko dabe. Errepertorioan, Dieguez akordeoilariaren abestiak izango dira nagusi eta Euskal Herriko musika tradizionala jazz edo teknoagaz buztartuko da ekimen honetan.
Hiru musikarien formazino heterodoxoak eta aberasgarriak ikuspegi berezia emoten deutse folk euskaldunari, show ikusgarria eskainiz, izan be, abesti barriez gan, ikus-entzuleek Billabonako Oinkari Jantza Taldeko jantzarien ikuskizunaz gozetako aukerea be izango dabe.
- Iñaki Diéguez akordeilaria, konpositorea eta moldatzailea da. Sari garrantzitsuak irabazi ditu nazinoarteko eta Espainiako lehiaketetan eta kontzertuak eskaini ditu, Europa eta AEBetan. Musikari klasiko lez ibilbide oparoa egin ondoren, musika modernoan sartu da, euskal musikagintzako artistakaz jardunez, besteak beste, Pantxoa eta Peio, Gontzal Mendibil, Urko eta Amaia Zubiria. Hainbat artistaren berrogei bat diskotan parte hartu dau eta film batzuetako soinu-bandetan grabau dau; esaterako, El Olivo, Dantza edota El faro de las orcas. Bere ibilbidean zehar, danetara bost disko editau ditu bere izenean.
- Angel Unzu gitarrajolea, konpositorea, moldatzailea eta produktorea da eta zazpi disko ditu. Benito Lertxundi, Jabier Muguruza, Gontzal Mendibil eta Diego Vasalloren kontzertuetan ohiko musikaria da. Gaur arte. ehun bat diskotan parte hartu izan dau, hainbat eta hainbat artistakaz: Benito Lertxundi, Gontzal Mendibil, Iñaki Salvador, Amaia Zubiria, Anje Duhalde, Oreka TX, Jabier Muguruza, Alaitz eta Maider, Alex Ubago, Mikel Laboa, Kepa Junkera…)
- Iker Telleria perkusino joleak ibilbide luzea dau musikari lanetan telebistan eta zenbait orkestra eta taldeetan parte hartu izan dau (Julia León, Samar, Aupa Quartet, Iban Nikolai, Egan, Izotz, Amaia Zubiria…). Diskoen grabaketak irakaskuntzeagaz buztartu ditu zenbait musika eskoletan irakasle izanda eta gaur egun Francisco Escudero Konserbatorioan perkusinoko irakasle lanetan dabil.
Iñaki Dieguez Akustik Trio taldea kontratau gura dauenarentzat prozesua bideratzen Syntorama dabil.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!