22. Korrikak Amurrio eta Donostia lotuko ditu, euskera berbetatik ekintzara eroateko

Bizkaie! 2021-11-17 13:37   Euskerea berbagai

2022ko martiaren 31tik apirilaren 10era.



AEK
-k antolatuta, Euskal Herri osoa zeharkatuko dau 22. Korrikak Hitzekin goiburuari eutsiz, 2022ko martiaren 31tik apirilaren 10era. AEKren esanetan, euskerea Berbatik Ekintzetara eroateko momentua dalako.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko ditu Korrikak edizino honetan, ibilbide emonkorrean erakutsitako konpromisoagaitik eta ekinagaitik.

AEK eta Korrikaren arduradunek gaur, hilak 17, aurkeztu dabe Korrikaren 22. edizinoa, Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian. 2022ko martiaren 31tik apirilaren 10era, Euskal Herri osoan barrena ibiliko da euskerearen aldeko lasterketa erraldoia, Amurrio abiapuntu eta Donostia helmuga hartuta. Hamaika egun izango dira eta 2.500 kilometro inguru egin ostean, Gipuzkoako uriburuan bertan jakingo da Korrikaren sekreturik handienetakoa: lekukoaren barruan gordeta, milaka kilometro egin dituan mezua.

Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiaren esanetan, egun, oraindino, Korrikak jaiotzetik izandako helburu biak oso bizirik dagoz: euskerearen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua batzea. Lehenengoaren gainean, Iribarrenek hau gehitu dau: AEKn jakitun gara pandemiak errotik ezabatu dauela euskerea plazatik zein askoren bizitzatik; eta, beraz, oso garrantzitsua iruditzen jaku Korrikak dakarren euskerearen aldeko uriolea berreskuratzea.

Bestetik, diru-batzeari jagokonez, aurrerapausoak emon diran arren, administrazinoari jagokonez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindino ez dira nahikoak, dino AEKren koordinatzaile nagusiak, eta ezinbestekoa da Euskal Herri osoak nahitaezkoa dauen helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbersinoak areagotzea. Hori dala eta, 22. Korrikak jasoko dauen dirua Euskal Herri osoko bere euskaltegiei laguntzeko erabiliko dau AEK-k.

Hitzekin

Korrikaren maminari erreparauta, Aitziber Balantzategi AEKren Artezkaritza Kontseiluko buruak eta Korrika batzordeko kideak emon ditu azalpenak: Hitzekin da edizino honetako leloa. Hizkuntza bat berbakaz osotzen da, baina ekimenek eregiten dabe hizkuntza baten komunidadea. Ekiteko ordua da: euskerea berbetatik ekintzara eroateko momentua. Holan dakar 22. Korrikaren mezuak. Konpromisora jo behar dala dino Balantzategik, eta konpromisotik edozein erakundek urrats sendoagoak egin daizan eragitea, jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko. Horren adibide argia izan dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, Korrikaren edizino honetako omenduak. Holan erabagi dabe AEK-ko kideek, Balantzategiren esanetan, 34 urteko ibilbidean adierazo daben konpromisoagaitik eta ekinagaitik eta orainaldiari eta etorkizunari begira dagozan eragileak diralako. Euskerearen transmisinorako izan daben zeregina be nabarmendu dau: azken batean, hareek transmisinoa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu eta zuzeneko eragina izan dabe ume eta guraso askok euskerearen hautua egin deien. Hareek, euren berbakaz, euskereari ekin eutsen eta eutsi egin deutse.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu