Merkataritzan euskerea erabilteko kanpainea 60 herritara helduko da

Bizkaie! 2021-11-17 12:51   Euskerea berbagai

Konfiantzeagaz eta hurrekotasunagaz lotzen da euskerea.

Bingen Zupiria, Juan Mari Aburto eta Rafael Gardeazabal (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, eremu sozioekonomikoan euskerearen erabilerea bultzatzeko planaren barruan, kanpaina barria ipini dau martxan, merkatarien eta konsumitzaileen arteko hartu-emonetan euskereak lehentasuna izan deian. Betikoa, hurrekoa, eskatu euskeraz, eskaini euskeraz lemapean, bigarren urtez antolatu dabe.

Lehenengo edizinoaren arrakastea dala eta, Euskal Autonomi Erkidegoko 60 udalerrik egin dabe bat kanpaineagaz. Horreetako bat da Bilbokoa, eta hantxe egin dabe aurkezpena. Bingen Zupiria Kultura sailburua, Juan Mari Aburto alkatea eta BilbaoDendak alkarteko presidente Rafael Gardeazabal egon dira agerraldian.

Kanpainearen bidez, konfiantzeagaz eta hurrekotasunagaz lotuko dabe denda eta tabernetan euskerea erabiltea. Zupiriak azaldu dauenez, gure hizkuntzea, euskerea, eguneroko erosketakaz, hurrekoagaz, herriko hartu-emonakaz lotzen dau kanpaineak.

Herritarrak, konsumitzaileak aktibau nahi doguz euskerea erosketa unean erabiltera, ganeratu dau sailburuak. Erosterakoan eta saltzerakoan be egin daigun lehenengo berbea euskeraz.

Konfiantzarik handiena adierazoten dau, denda edo taberna baten, bezeroak jarri betikoa esaten dauenean. Kanpainearen oinarria esaldi horretan dago, baina euskerearen eremura eroanda. Ikus-entzunezko spot baten bidez emon jako formea horri. Amama bat eta haren bilobea dira protagonistak eta abenduaren 31ra arte zabalduko dabe hainbat bidetatik. 

Spotaren zabalkundeagaz batera, udalen arteko alkarlanak be garrantzia izango dau. Merkataritzan euskerea sustatzeko kanpaina isolatuak egin beharrean, modu bateratuan jokatzearen aldeko izan dira EAEko udal ordezkariak. Hurrengo urteetan be, kanpaina iraunkorra eta bateratua izan daiten adostu dabe danen artean. Eusko Jaurlaritzeak eskainitako euskarrien zerrenda batetik abiatuta, udal bakotxak bere errealidadera egokituko dau estrategia, spotaren mezua gizarteratzeko helburuagaz.

Kanpainearen aurkezpenean, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok azpimarratu dau Bilbo gero eta euskaldunagoa egitea dala Udalaren erronka nagusia. Euskereak Bilboko kaleak bete deizan nahi dogu, gure hizkuntzea egunerokoaren parte izan dadin eta erabilerea normalizau dadin, eta helburu handi horretan guztion konpromisoa behar dogu.

Uriko dendariek be funtsezkotzat dabe euskeraz erosteko aukerea emotea, hizkuntzeari ez eze, merkataritzeari berari be mesede egingo deutsalakoan. BilbaoDendak-eko Rafael Gardeazabalek zera adierazo dau: merkataritza bizi batean hizkuntza bizi baten aldeko apustua egiten dogu, eta iruditzen jaku merkatarien eta bezeroen artean sarritan sortzen dan giroa egokia dala gure hizkuntzearen erabilerea sustatzeko. Uste dot merkataritzatik be nabarmendu behar dogula bezeroek euskaraz arretea jasoteko aukerea dabela, izan be, hori erosketa-esperientziaren kalidadearen parte da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu