Bilboko kale-izenetako emakumeak hobeto ezagutu ahal izango dira
2021-11-17 11:17 KultureaQR kodeen bidez 26 emakumeon bizitzea eta ekarpenak zabalduko ditue.
Bilboko Udalaren #Bilbaoaurrera planaren barruan, Kaletarrak proiektu barria hasiko da hurrengo egunotan. Gaur egungo uriko kale-izendegian dagozan 26 emakumeak herritarren artean hobeto ezagutuarazoteko asmoz sortutako ekimena da, audio bidezko azalpenen bidez.
Bilbon 28 kale, plaza, lorategi, pasealeku eta parkek dabe emakumeren baten izena (Anselma de Salcesek eta Casilda Iturrizarrek bina ditue). Horreetako bakotxean, zutabe edo totem bat jarri dau Udalak, Kaletarrak proiektuaren informazinoagaz. Zutabean bertan dago QR kodea, emakume bakotxari jagokon audiorako loturea emongo dauena.
Ivoox eta Spotify kanaletan dagoz Kaletarrak proiektuko audioak, formatu digitalean. QR kodeen bidez artxibook deskargauta, herritarrek modu errazean ezagutu ahal izango ditue Bilboko kale-izendegiko emakumeen bizitzako pasarteak, gizarteari egin eutsen ekarpena... Off ahotsak irakurriko ditu jakingarri nagusiak eta aditu bati egindako alkarrizketeak osotuko dau artxibo bakotxa.
Uriaren historia 28 kale, plaza eta parkeotako protagonisten bitartez kontetea da proiektu barri honen helburua, baita lekuan lekuko kulturea sustatzea be, Udalaren arabera. Glasso agentziaren laguntzino teknikoa izan dau horretarako.
Bilboko kale-izendegian emakumeen lekua txikia da oraindino, gizonen edo bestelako motibazinoen aldean, azken urteotan egoereari bueltea emoteko ahaleginak handitu diran arren. Casilda Iturrizarrek, Felipa de Zuricaldayk, Maria Muñozek eta beste batzuek aspalditik dabe txokoren bat euren izenean. Beste batzuk barri-barriak dira, esate baterako, Clara Campoamor, Alazne Lopez Etxebarria, Eulalia Abaitua eta Julita Berrojalbiz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!