Organoa eta musika eletronikoa buztartuta Bilbon
2021-11-17 09:03 MusikeaHitzordua zemendiaren 21ean da Euskalduna Jauregian.
Organo Gaua proposamena igaz sortu zan, Euskaldunako Auditoriumean dagoan musika tresnearen 20. urteurrena dala eta. 2021eko edizino honetarako, ekimen hau proposamen artistiko berezi eta erakargarri baten barruan sartu da, izan be, tradizinoak eta barrikuntzak buztartu ditue Iñigo de Peque eta Mikel Ansola organistek eta elektronikeagaz eurekaz ibiliko dan Aitor Etxebarriaren eskutik. Beraz, zemendiaren 21ean, 19:30ean, musika-tresna klasiko hori barriro entzungo da Jauregiko Auditoriumean.
Besteak beste, Johann Sebastian Bachen Preludioa eta Fuga, Max Regerren Introducción y Pasacaglia, Jose Maria Usandizagaren Pieza sinfonikoa eta Franz Liszten Ad nos, ad salutarem undamen Fantasiaren eta Fugaren amaierea. Halan da be, saioa estilo klasikoko sarrera bategaz hasiko dan arren, ikuskizuna in crescendo joango da musika-tresnearen potentzia guztia zabaldu arte, musika elektronikoaren aukera amaibakoek lagunduta. Markinatik, Bilbotik eta Gernikatik etorritako musikari bizkaitarrek sorkuntza klasiko eta modernoei buruz dituen ikuspegi ezbardinak.
Amaitzeko, artistek Juan Crisostomo de Arriaga Bilboko konpositorearen Esclavos Felices lanaren inguruko bariazinoak eskainiko ditue, lau eskutara eta elektronikeagaz buztartuta.
Organo klasikoaren eta musika elektronikoaren arteko delicatessen hibridoaz gozetako parebako gaua, musikarien egunaren bezperan.
Historia eta barrikuntzea
Alemaniako Kart Schuke enpreseak eregitako Euskaldunako organoa, musikaren historiako musika-tresnarik zaharrenetako baten berezko material nobleak eta gure sasoiko aurrerapen eta ekarpen elektronikoak dituana. Musika-tresna klasiko, eder eta berezia, 5.390 hodi dituana eta edozein sasoitako musikea interpretetako aukerea emoten duena, berbarako, barrokoa edo neoklasikoa eta, aldi berean, teknologiarik barritzaileena dauen musika-tresna aparta: organisteari joten dauena grabetako aukerea emoten deutson gailua, zuntz optikoari esker organoa gobernetako erabilten dan konsola mobikorra edo obra erromantiko eta sinfoniko handien interpretazinoa nabarmen errazten dauen erregistroen nahasgailua.
Era berean, musika-tresnea zati edo gorputz bitan bananduta egoteak, agertokiaren ezkerrean eta eskuinean, estereo efektuak sortzea be ahalbidetzen dau.
Beraz, potentzial handiko musika-tresna ezezagun baten aurrean gagoz. Interprete bakar batek formatu handiko musikea eskaini leikio jente askori. Euskaldunakoa, Bizkaiko eta Euskadiko eleiza eta auditoriumetan dogun parke instrumental zabalean nabarmentzen dan organo eredugarria da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!