'Euskerearen etorkizun osasuntsurako danon ahalegina eta alkartasuna beharrezkoa da'

Bizkaie! 2021-11-17 08:19   Euskerea berbagai

Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da buru Euskerearen Aholku Batzordearen legealdiko bigarren bileran. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak be parte hartu dabe Euskerearen Aholku Batzordeko gainerako kideakin batera.

Lehendakariak azpimarratu dauenez, garapen jasangarriaren helburuei begira jarri gara mundua osotzen dogun gizarte guztiak eta, ondo dakigu euskereak behar dauela, eta badauela, ikuspegi horretan berezko leku bat, ezinbestekoa eta ukaezina. Herritarren eta multzoen arteko alkartasunezko loturak jagon eta indartuko dituan plangintzea behar dogu, personearen neurrian diseinautakoa, askotariko personen eta taldeen inplikazinoa bilatuko dauena. Lehendakariak adierazo dauenez, plangintza horren goreneko emoitzea da Euskerearen Aholku Batzordean gaur bertan aurkeztutako Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024.

Gobernu Kontseiluak zemendiaren 2ko bileran onartu eban 2021-2024 epealdirako Euskerearen Agenda Estrategikoa, legegintzaldi honetako hizkuntza politikearen lan-arloan zein helburu estrategikoak zehazten dituan dokumentua. Agiriak lau helburu estrategiko finkatu ditu euskerearen ezagutza zein erabilerea handitzen jarraitzeko, hizkuntza eskubideen bermean aurrera egiteko eta euskerearen lurralde guztietan erakundeen arteko lankidetzea sendotzeko.

Agenda hau Eusko Jaurlaritzeak euskerearen aurrean dauen konpromisoaren erakusgarria da eta euskerea sustatzeko hizkuntza politikea garatzeko oinarrizko tresnea izango da. Dokumentu honek euskerearen zeharkakotasuna bermatzen dau, bai administrazinoan, bai gizartean, hainbat erakunde, gizarte eragile eta adituren arteko alkarlanean gauzatuko baita.

Euskerearen Agenda Estrategikoak bat egiten dau XII. legealdirako Gobernu Programeagaz, izan be, Gobernu Programan euskerearen aurrean ezarritako konpromisoak, bai eta bakotca garatu ahal izateko ekimenak be, Agendearen oinarrian dagoz. Hona hemen 3 konpromiso nagusiak:

Euskerearen ezagutzea areagotzea eta, batez be, euskerearen erabileran eragitea gizarte eta kultura-eremuetan, eremu ekonomikoetan, digitaletan eta sektore publikoan.

Hizkuntza eskubideen erabateko errespeturantz eta normalizautako hizkuntza bizikidetza baterantz aurrera egitea.

Erakunde arteko lankidetzea indartzea euskerearen lurralde osoan.

Konpromiso horreek lortu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzeak ondoko helburu estrategikoak onartu ditu Agendearen bidez.

Herritarren euskerearen ezagutza handitzen jarraitzea.

Helduen ikaskuntza-egitasmoa sendotzea.

Herritarren euskerearen erabilerea handitzen jarraitzea.

Euskerearen transmisinoa bermatzea.

Aisialdian eta kirolean euskerearen erabilerea handitzea.

Ingurune digitalean euskeraren erabilerea handitzea.

Hedabideetan euskerearen erabilerea handitzea.

EAEko sektore publikoan euskerearen erabilerea handitzea.

Eremu sozioekonomiko publikoan zein pribatuan euskerearen erabilerea handitzea.

Herritarren hizkuntza eskubideen bermean aurrera egitea.

Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea.

Euskerearen lurralde guztietan erakundeen arteko lankidetzea sendotzen jarraitzea.

Hizkuntza politikea garatzeko adostasunak lantzea.

Erakundeen arteko lankidetzea indartzea.

Helburu horreek guztiak lortu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzeak hainbat ekintza aurreikusi ditu. Euskerearen bilakaera soziolinguistikoaren adierazle nagusietan aurrera egiten jarraitzea da asmoa. Legegintzaldiaren amaieran, Agendearen betetze mailea neurtuko da.

Agendearen jarraipena egiteko Jarraipen Batzordea eratuko da eta ondokoak izango ditu kide: Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Hezkuntza sailburuordea, HABEko zuzendari nagusia, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria, IVAPeko zuzendaria eta Eusko Jaurlaritzako sail bakotxeko ordezkaria (gitxienez zuzendari mailakoa). Era berean, partaide izango dira ondoko erakundeetako ordezkariak (gitxienez zuzendari mailakoak): Osakidetza, Justizia, Ertzaintza, EITB, Eustat eta Emakunde.

Euskerearen normalizazinoa

Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu dauenez, gure gizarteak badaki erantzun handiko Euskaraldia lako ekimenetan, baita beste hainbat ekinbidetan be, ez dauela zordun izan gura euskerearen bizi-indarrari jagokonez. Alderantziz. Irabazi garbiko balantzea nahi dau gure gizarteak euskerearen erabileran, eta, beraz, bizi-indar eta osasunean. Horixe da, besteak beste, garapen jasangarrirako gizarteak egin nahi dauen ekarpen nagusietako bat: joaneko eta gaurko hizkuntzea etorkizuneko hizkuntzea be izan daitela. Alor guztietan egin beharko da lan helburu hori lortzeko. Gainera, gazteek euskerearen erabileran daben garrantziaren inguruko gogoeta bat be konpartidu dau Lehendakariak gaurko Euskerearen Aholku Batzordearen bileran: gizarte bizitzaren alor guztietan legez, gure gazteek badakie eskuzabaltasunez jokatzen euskerearen erabilereari jagokonez be. Autorpen hori merezidu dabe, diskursoan zein praktikan. Neurri handi batean, hareei esker goaz aurrera. Merezidu dabe gizarte osoaren onespena, euskerarako bizi-emoile baitira.

Euskerearen Aholku Batzordea

Helburua da ahaleginak eta proiektuak batzea eta koordinetea euskerea normalizetako. Gaur egun 26 kidek osotzen dabe Euskararen Aholku Batzordea eta hiru batzorde-atalez osotuta dago: ingurune digitala; hizkuntzea eta generoa; eta eremu sozioekonomiko pribatua. Batzorde-atal horreetan gizartearen ordezkaritza zabala batzen da, izan be, arlo bakotxen adituak diran personak dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu