Euskadiko 3 nerabetik 1ek Interneten eta sare sozialen erabilera problematikoa egiten dau
2021-11-16 13:54 Kulturea#SuMayorInfluencer kanpainea abiarazo dau UNICEF erakundeak.
UNICEFek teknologiak ume eta nerabeen artean dauen eraginari buruz orain arte egindako txostenik garrantzitsuena ezagutzera emon eta umeen eta nerabeen eskubideak ingurune digitalean bermatzeko politika sendoagoak eskatu ditu.
Azterlanean, gai horri buruz orain arte Espainian eta Europan egin dan handienean, DBHko 50.000 ikasle baino gehiagoren eretxiak jaso dira, horreetatik 5.600 baino gehiago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 23 ikastetxetakoak izanik.
Aurrerapen teknologikoetan onurak eta aukerak dagoz gure gizartearentzat, baita gure ume eta nerabeentzat be. Baina ezin ditugu ahaztu arriskuak, adierazo dau UNICEF Espainiako presidente Gustavo Suárez Pertierrak, Bilboko Yimby espaziotik egindako online konexioan. Txosten honetan, teknologiak gure
nerabeen artean dauen eraginaren erradiografia egiteaz gan, umeen eskubideak ingurune digital honetan be errealidade izan daitezn sustatu nahi dogu, gaineratu dau. Bestalde, Antonio Rial Santiago de Compostelako Unibersidadeko Psikologiako irakasle eta ikerketearen arduradunak txostenaren datu nazionalak aurkeztu ditu. UNICEF Euskal Herriko Batzordeko presidente Isidro Elezgaraik emondako Euskadiko datu autonomikoen artean, % 96,8k Interneterako konexinoko eskuko telefonoa dauela nabarmentzen da; halan da be, datuon arabera, sareak poza (% 96,4), erlajazinoa (% 81,1) edo dibertimendua (% 76,1) sentiarazo leikie.
Beste alde batetik, nerabeen % 35,8k dino eduki erotikoa edo pornografikoa daben orrialdeetan sartu dala. Era berean, kezkagarria da Euskadiko DBHko 3.000 ikasle inguru online apustu egiten edo jokatzen hasi izana eta horrek epe ertainean ludopatia bat garatzeko arriskua biderkatzen dau. Eta inkestatuen %2 8,9k astean behin teknologia dala-eta eztabaidak gurasoakaz edo jagoleakaz izan dituela esan arren, txostenak egiaztatzen dau % 26,5ek baino ez deutseela Interneten eta/edo pantailen erabilereari buruzko arauak jarten eta % 37,4k dinoe gurasoek eskuko telefonoa erabilten dabela otorduetan. Elezgaraik azaldu dauenez, eskuko telefonoa oso gaztetatik erabilten da eta sare sozialetan ez egotea aparteko jazoerea da nerabezaroan. Beste alde batetik, ziberjazarpenari buruzko datuak kezkagarriak begitandu jakuz eta prebentzinoa oinarrizkoa da. Horregatik guztiagaitik, azterlan hau aukera parebakoa da gure nerabeen eretxia ezagutzeko, ulertzeko eta beronen inguruan jardun ahal izateko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!