XVIII. mendeko merkataritzan, Nafarroan euskerea erabilten zan

Bizkaie! 2021-11-16 13:30   Euskerea berbagai

Minondotarren gutunek erakusten dabenez.

Euskaltzaindiak argitalpen deigarria eta bikotxa aurkeztu dau gaur Iruñeko ordezkaritzan: Liburu bi dira, Iker bilduman plazaratutakoak, biak 42. zenbakian: Jose Ramon Minondo Goizuetarraren Gutunak. Olaberria (Oiartzun). 1790-1807 eta Jose Ramon Minondo Goizuetarraren Gutunak. Olaberria (Oiartzun). 1790-1807. Hizkuntza Azterketea. Nafarroako Gobernuagaz alkarlanean argitaratu dira liburukiak eta gutun horreek erakusten dabe XVIII. mende amaieran eta XIX. mende hasieran merkataritza arloan euskerea erabilten zala Nafarroan.

Gaurko prentsaurrekoan izan dira liburuaren paratzaileek, Patxi Salaberri, Juan Jose Zubiri eta Iker Salaberri eta, eurekaz batera, Mikel Arregi Euskarabidea Institutuko zuzendaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua. Sarrera berbaldian, Mikel Arregik gutunon balioa nabarmendu dau, ez baitira testu erlijiosoak, beste era batekoak baino eta, dakigun moduan, hori ez da hain ohikoa euskal testu zaharretan. Esangura horretan, Euskaltzaindiak eginiko lana goraipatu dau: Gutunon balioa benetan jasoteko, beste edozein gauzarena bezela, zehetasunak ulertzea komenidu da.

Andres Urrutiak be testuen garrantzia azpimarratu dau gaur, gutun horreek erakusten baitabe, besteak beste, euskerea orain arte ezagunak jakozan ohiko arloetan eta bizitearen bestelakoetan be erabilten zala, modu arruntean eta egunerokoan, idatziaren bidez. Eta gogoratu dau gutunok sasoi latzetan idatzi zirala: Jose Ramon Minondo goizuetarrak testuak idatzi bitartean (XVIII-XIX mende bitartekoa), Espainiako Novisima recopilacion lege-testuen bildumak galarazoten eutsen merkatariei liburuak gaztelaniaz besteko hizkuntzetan moldatzea.

Holan, lehen liburuan Paskual Rekalde euskaltzain osoaren berbaurrea agiri da. Gero, Goizuetako Minondotarren barri emon eta horreen familia-zugatza erakusten da. Gutunen helburuari jagokonez, Oiartzungo Olaberria burdinolaren kontuak emotea zan gutunen helburua, azaldu dau Patxi Salaberri euskaltzain osoak. Jose Ramon Minondo Oiartzungo Olaberria burdinolako arduradunak Goizuetako Artikutzako Goitzarin burdinolan bizi zan Juan Bautista Minondo olajaunari kontuak emoten eutsozan, idatziz, gutunen bidez, zehaztu dau. Jarraian gutunen zerrendea dator, egunaren arabera ordenauta eta gero gutunen transkripzinoa. Danetara, 318 eskutitz dira, laburrak, luzeak eta bitartekoak, euskera nagusi batzuetan eta bazterreko beste batzuetan, argitu dau euskaltzain nafarrak.

Bigarren liburuan hizkuntza gaiak aztertzen dira, luze eta zabal: lehenengo izen-morfologia aztertzen da, ondoren aditz-morfologia eta gero joskerea edo sintaxia, juntadurea eta menderakuntzea. Atal horren ondoren, berba hurrenkereari eskainitakoa dator eta jarraian onomastika gaiak batzen dituana. Gero, gutunetan azaltzen diran berbak dakarzan hiztegia dakar liburukiak, laburdurak eta erreferentziak: Gauza interesgarri franko dagoz, berba hurrenkereari jagokonez, erlatiboei jagokenez... Oro har, euskera kontuak Goizuetako egungo berbakereagaz konparau ditugu. Onomastika gaietarako Oiartzun da garrantzitsuena, baina Goizueta be bai, bistan da, eta inguruetako herriak, gaineratu dau Patxi Salaberrik.

Bide batez, sasoiko giza-hartu-emonak zelakoak ziran be erakusten dabe gutunek, Salaberrik azpimarratu dauen moduan: Interesgarria da nabarmentzea burdinolak Goizueta-Oiartzun inguruan egon arren, hartu-emonak bazituela Ipar Euskal Herriko Donibane Lohizuneko burdinolagaz eta Ainhoagaz be hartu-emon usuak zituela. Zuberoako Larrainegaz be bai. Eta bolada gogorrak ziran, 1800 inguruko urteak, frantsesen kontra gerra sasoia. Mugan arazoak ziran baina halan da be merkataritza hartu-emonak baziran. Urumeatik eta itsasoz egiten zan garraioa zenbaitetan”.

Aurkikuntza horren inguruan, argitalpen gehiago egingo dirala agindu dabe ikerlariek: Liburu bi honeek jarraipena izango dabe, franko baitira oraindino beste burdinoletatik Goitzarina bialdutako gutunak, oraindino argia ikusi ez dabenak. Asmoa da 2023an beste liburu bi ataratea eta ondoren beste bat edo bi, 2025ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu