Martxan Enkarterriko gerra-agertokiak ezagutzeko ibilbide gidatuak
2021-11-16 12:30 KultureaKarlistada eta Gerra Zibileko gerra-agertoki nagusien barri emotea da asmoa.
Enkarterriko Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak 1873-1937. Gure memoriaren gerrak, proiekturen barruan, eskualdeko gerra karlistetako eta Gerra Zibileko agertoki nagusietara eroango gaituen lau ibilbide kultural dira. Arkeologo eta espezialisten eskutik, proiektuak, Enkarterrin 1833 eta 1939 bitartean izan ziran eta ia 100 urte bete zituen gatazka garrantzitsuenetan zehar ibilteko aukerea eskainiko deuskue.
Enkarterriko Museoaren proiektu honek Gorka Martin eta Xabier Herrero EHUko arkeologoen eta Balmaseda 1937 alkarteko Zunbeltz Matabuena Iarzaren laguntzea izan dau eta XX. mendeko soziedade enkartauaren lehenengo marrazkia egiten hasi ziran agertoki hareek ez ahaztutea da asmoa, izan be, leku horreetako batzuk, oraindino, karlisten batailoien eta gerra zibilaren aztarnak ditue.
Zemendiaren 13 eta 27rako, abenduaren 11rako eta urtarrilaren 15erako programautako ibilbide gidatuek II. Karlistadako (1872-1876) aurrerapen arkeologikoetan dabe oinarri, Somorrostroko (Abanto) eta Celadillako (Zalla) gerra-agertokietan egindako indusketen bidez, baita Gerra Zibilaren (1936-1939) inguruan Balmasedan, herrigunean eta Kolitza mendian, egindako memoria historikoko lanetatik be.
Denporeagaz, arkeologia-lanek Enkarterriko gerra-agertoki garrantzitsuenetako batzuk lurpetik atara eta aurkitu ditue; historialariek eta alkarteek, barriz, gerra-jazoeren erretratu gizatiarragoa egin dabe eta jazoerok hurretik bizi izan zituen personen ideak, pentsamentuak eta bildurrak batu eta balioetsi ditue.
Ibilbi gidatuak
- Joandako zemendiaren 13an, Somorrostro (1874) izan zan ardatza. 1874ko zezeila eta maiatza bitartean, Bilbo tropa karlistek inguratuta egoala, armada liberal eta karlistek burruka gogorrak izan zituen gaur egun Abantokoak eta Muskizekoak diran lurretan eta milaka lagun hil ziran; horrezaz berbaldia eskaini eban Gorka Martinek eta 1874ko aurrez aurrekoen ondorioz hondatuta dagoan Abantoko San Pedro eleizaren ingurura joan ziran.
- Zemendiak 27: Celadilla (1875). 1875 eta 1876 artean, hainbat aurrez aurreko izan ziran, Zallan dagoan Celadilla ganean eta Balmasedako mugan. II. Karlistaldiko beste agertoki garrantzitsuenetako batzuk izan ziran. Orain dala gitxi, hainbat ikerketa historikok eta indusketa arkeologikok leku horreetako batzuk balioetsi ditue. Jardunaldia museoan hasiko da Gorka Martinen berbaldiagaz eta ibilbidea autobusez eta oinez (50 minutuko ibilaldia dago oinez) egingo da, aztarnategi arkeologikora heldu arte.
- Abenduak 11: Kolitza (1937). 1937ko garagarrilean eta abuztuan, Kolitza (Balmaseda) eta Alen (Sopuerta/Turtzioz) mendien arteko frontean, euskal armadeak hainbat kontraeraso hasi zituan armada nazionalak defendidutako San Roke baseleizearen kontra, bagilaren amaieran okupautako Enkarterriko lurra berreskuratzeko. Emoitza bako eraso hareetan, alde bietako ehunka soldadu hil ziran. Ibilbidea 10:00etan hasiko da Museoan, Zunbeltz Matabuena Iarzaren eta Xabier Herreroren berbaldi bategaz. Bertan, Balmaseda 1937 Alkarteak, ahalik eta modu egokienean eta zabalenean ezagutuarazoteko komiki formatuan aurkeztu zituan gerra zibileko jazoerak laburbatuko ditue. Abellanedatik Kolitzara eta La Neverako lepora helduko da ibilbidea, 1937ko uda haretan izan ziran aurrez aurrekoen agertokira.
- Urtarrilak 15: Balmaseda. Gerrako agertokiak (1936-1939). Balmaseda oso puntu garrantzitsua izan zan Gerra Zibilean. Batailoi errepublikarrak eta, ostean, nazionalak ezarri ziran bertan. Eraikin askok erabilera militarra izan eben, lantegiak militarizau eta alde biek erabili zituen. Babeslekuak eregi ziran eta ospitaleak, aginte-postuak, hornidura-lekuak, jagoletza-postuak, biltegi militarrak eta bestelakoak atondu zituen. Ibilbide honetan, hori eta askoz gehiago ezagutuko dogu. Zunbeltz Matabuena Iarzaren eta Xabier Herreroren berbaldiaren ostean, Balmasedako San Severino plazara joango gara autobusez eta handik, gaur egun ahaztuta dagozan Balmasedako gerrako hainbat gune topauko doguz: ospitalea, batailoien kantonamendua, kuartel nagusiak, lantegi militarizatuak edo aireko erasoen kontrako babeslekuak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!