Blues Hotsak, zemendiaren 19tik 28ra

Bizkaie! 2021-11-15 07:40   Musikea

Watermelon Slim bluesman estadubatuarrak emongo deutso hasierea jaialdiari.

Lehen mailako kontzertuak iragarri ditu Gaztelupeko Hotsak (Errabal) etxeak: Zemendiaren 19an, Watermelon Slim beteranoa agertuko da taulan, ibibide luze eta aberatseko musikaria, izan be, Watermelon Slimek hamazazpi izentapen jaso zituan Blues Music Awards sarietan, BB King, Buddy Guy eta Robert Cray lako artisten eremuan. Watermelon Slim da sari hori birritan irabazi dauen bakarra. Haren lehen disko antibelizistea, 1973an grabau eban, Vietnamgo gerratik bueltau ondoren. Etxeratu zanean gerrearen kontrako Vietnamgo Beteranoak alkartean sartu eta egin zituan abestien letrek drogen erabilerea, esplorazino espirituala eta fikzinoko arerioen kontra burrukatzearen ondorio emozionalak islatzen ditue. Inoiz joteari itxi ez deutson arren, 1999ra arte ez eban beste diskorik grabau, musika porfesionalean barriro hasi zan arte. Watermelon Slimen emoitzarik barriena Delta Blues estiloan errotuta dago. The Workers da Slimen talde laguntzailea

Aspaldikoa da Gipuzkoako txoko honetan blues, jazz eta holako doinu baltzen aurrean dagoan zaletasuna. Urteak dira musika estilo horreen inguruko jaialdiak eta kontzertuak atontzen dirala Deba bailarako herrietan (Debajazz, Ibetondoko Jazz Jaialdia, Jazz-Blues Zirkuitua...); hori gitxi ez eta musika horreek argitaratzeko diskoetxea be sortu zan orain 25 urte, Soraluzen.

Pandemiari aurre eginez (beharrezko neurri guztiak hartuta), urte bi bete ditu Blues Hotsak jaialdiak. Aurten III. ekinaldia dator eta kontzertuak, filmak eta erakusketea be atondu ditue.

Blues Hotsak 2021

Soraluzeko Herriko Antzokian, 20:00retan:

Zemendiaren 19an, barikuan, WATERMELON SLIM Blues Band.

Zemendiaren 20an, zapatuan, IZO FITZROY Band.

Zemendiaren 21ean, domeka, EUNICE Tribute to NINA SIMONE´s music.

Zemendiaren 25ean, eguenean, 21:00etan, Janis: Little Girl Blue filmaren proiekzinoa.

Zemendiaren 26an, NIKO ETXART & HAPA HAPA.

Zemendiaren 27an, KOKO-JEAN & THE TONICS.

Zemendiaren 28an, 13.00ean, Musika Eskolako konboak.


Bluesaren zuzeneko mundua (Erretratu erakusketea). Erretratugilea: ALEX RODRIGUEZ CRUZ



Kantabriarra, Torrelavegan jaioa. Era guztietako musikea maite dot baina musika baltz, soul, jazz eta batez be bluesa, horreetara bideratu baitot nire lana gehienbat. Estaduko jaialdi ugaritan egin ditut argazkiak, Hondarribian, Caceresen, Cazorlan, Bejarren, Zizurkilen, Donostian, Luzernan, Notoddenen, Blues sur Seinen, Blues in Heaven... Hainbat bazterretan ibili naz, Alemania, Holanda, Norvegia, Suitza, Frantzia, Errumania, Polonia, New Orleans, Memphis, Austin...

 Hedabideetan, prentsan, aldizkarietan eta CDetan be agiri dira nire lanak, besteak beste, Sugaray Rayford, JT Lauritsen, Chris James and Patrick Rynn, Nathan James, Mingo Balaguer, Blues Train, Carvin Jones eta Gaby Jogeix. Travellin Brothers taldeagaz be ibili izan naz.

Erakusketeak Hondarribian, Caceresen, Bartzelonan, Valladoliden, Madrilen eta Kantabrian egin izan ditut.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu