Amets Arzallusek jantzi dau 2021eko Xilabako txapela

Bizkaie! 2021-11-15 07:51   Bertsolaritzea

Miren Artetxe izan da bigarren.

Xilabako laugarren txapela dauen arren, hunkituta amaitu dau Amets Arzallusek Donobane Lohizuneko finala, Jai Alai pelotalekuan batutako 1.200 zaleen txalo zaparradea entzunda. Saio bizi eta bizkorrean, pil-pilean dagozan gai sozialek leku handia hartu dabe, eta Arzallusek berak azken agurrean gogoan izan ditu Bidasoa ibaia zeharkatzeko ahaleginean hil diranak, baita Ziburun trenak hildako hiru migratzaileak be.

Hasieratik nabarmendu da Amets Arzallus, bere trebetasuna eta eskarmentua ariketa guztietan erakutsiz. Miren Artetxek baino ez dau txapeldunaren maileari eusteko gaitasuna izan, eta merezita heldu da buruz burukora. Arzallusen eta Artetxeren arteko azken ariketak bikainak izan dira, biek egin dabe txapela jazteko moduko finala, baina bat aukeratu behar, eta epaileek Arzallusen alde egin dabe.

Odei Barroso eta Maddalen Arzallus be ez dira buruz burukoan sartzetik urrun ibili, euren saioa be maila onekoa izan dalako. Patxi Iriart eta Maddi Ane Txoperena, euren lehenengo finalean, pixka bat atzerago geratu dira sailkapenean, baina gaitasuna badabela erakutsi dabe.

Urte luzez bertsolaritzearen eta kulturgintzearen alde egin dauen lana eskertzeko asmoz, Bertsularien Lagunak alkarteak Andoni Iturriotz aukeratu dau Amets Arzallus irabazleari txapela jazteko. Euskal makilea be emon deutso Iturriotzek Arzallusi. 

Amaia Castorene eta Aritz Bidegain izan dira finaleko gai-jartzaileak. Epaileak, ostera, Maialen Berra, Eneko Bidegain, Zuhaitz Olazabal, Lur Renteria, Ainhoa Sarasua, Iban Thicoipe eta Abel Zabala.

Antolatzaileek ez dabe ahaztu nahi izan jentearen babesa. Osasunaren arloko murrizketak, zalantzak eta ziurtagiriak tarteko, nahi baino ikusle gitxiago batu dira harmailetan, baina bertsolariek publikoaren berotasuna igarri dabe bardin-bardin. Donibane Lohizuneko finalean giroa bikaina izan da, harmailetako 1.200 ikusleei esker. 

Amets Arzallusen azken agurra:

Biriatuko mendira
lore bat eta muxu bi
beste bat urte osoko
bertsozale maite zuri
muga madarikatu bat
erantsi ziguten guri
jendea han ibiltzen da
ito larrian urduri
zuriak ez baigara beltz
beltzak ez baitira zuri
har dezadan makila hau
ta mugak bihurtu zubi
bidasoak ez dezala
beste malkorik isuri
primaderan hiru lore
baietz hazi Zibururi !

Argazkiak: Bertsularien Lagunak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu