Jon Maia: 'Umetatik mirestu dodazan abeslariakaz lan egitea amesa izan da'

Dabi Piedra 2021-11-15 07:55   Barriketan

Kantu bat gara disko-liburuaren egilea.

Jon Maia Soria, batez be, bertsolari izateagaitik da ezaguna gehienontzat, baina talde eta musikari askoren kantuetarako berbak idazten be ibilten da. Zumaiarrak idatzitako abesti asko euskal musikearen ikono bihurtu dira, eta zale guztien gogoetan dagoz. Besteak beste, Benito Lertxundik, Gozategik, Garik, Pirritx eta Porrotxek, Mikel Urdangarinek, SAk eta Kai Nakaik kantau izan ditue Maiak idatzitako berbak.
 
1991ean hasi zan letragintzan, Negu Gorriak talde mitikoarentzat. Beraz, zeregin horretan 30 urteko bidea bete dauela aprobetxauta, Kantu bat gara disko-liburuan (Elkar) batu ditu idatzitako kantuetako batzuk, baita barriro grabau be, oraingoan bere ahotsean. Maiari laguntzen artista ugari entzungo doguz diskoan. 
 
Gariren Zaharra zara Bilbo kantuaren bersinoaren bideoklipa hemen, Maite Mutuberriaren ilustrazino eta guzti.
 
1.- Hiru hamarkada inguru daroazuz kantuetarako berbak idazten. Zergaitik orain bilduma hau?
 
Denporea da idea hau buruan nebala, ze nire kantu-letrak ez dagoz argitaratuta, bakotxari jagokon diskoan izan ezik, hau da, ez dagoz inon batuta, ikusgai. 30 urteko lanean sakabanatuta dagoz. 30 urte bada ibilbide bat, nire ustez, letragintzearen eremu horretan, eta nahi neban moduren baten erakusgai jarri denpora honetan egindakoa. Lehenengo kantua idatzi nebanetik 30 urte pasau diranez, urteurrenak atxakia ona emon deust proiektu honetan sartzeko. 
 
2.- Kantuen berbak irakurri geinkez orriz orri, batzuk euskal kantutegian oso ezagunak dira. Beste edukirik topauko dogu disko-liburuaren idatzizko partean?
 
Bai, kantuen berbez gan beste gauza batzuk be sartu dodaz. Izan be, kantuetako askok azalpena merezidu dabe, testuingurua zein dan, nondik sortu ziran... Bestetik, Kantu bat gara izenburuak adierazoten dauen lez, kantuaren beraren inguruan gogoeta sakona egin leiteke, kantuaren formatua asko interesetan jat, gizakiaren adierazpiderik harrigarrienetako bat begitantzen jat. Gizakiok asmau dogun formatu artistikoa da, gure proiekzinoa da, milaka urte dituana, batek daki zenbat. Zure barruan, gogoan, memorian edo sentimenduan doan gauza bat da kantua, eta gero transmitidu egiten dozu, kolektibora pasetan da, batzuetan belaunaldiz belaunaldi. 
 
Kantuak ez dau zertan formatu fisikoa izan, memorian gordeta egotea nahikoa da. Intimoa da, eta kolektiboa aldi berean. Herriak ordezkatzen ditu, adibidez ereserkien kasuan. Kantuaren izakera zabal hori interesetan jat, eta horri buruzko hausnarketa asko egiten dodaz: sortze prozesuaz, nik zelan idazten dodazan; eta kantuaren formatuaz, adierazpideaz.
 
3.- Gogoeta horren ondorioz erabagi dozu disko-liburuari Kantu bat gara izenburua emotea?
 
Nire gogoetako batean galdetzen dot Euskal Herria zer eten dan, estadu bat, erresuma bat, autonomia bat? Ziur garena da kantu bat, milaka urtean isildu ez dan kantua, bizirik dirauena, euskeraz eta belaunaldiz belaunaldi pasau dana. Bereterretxeren kantua XV. mendekoa da eta gaur arte iraun dau bizirik, ahoz aho; oraingo Chill Mafiaraino, forma ugari hartu dituan kantu hori bizirik dago, eta gure herriak bizirik dirau, kantu bat dalako.
 
4.- Diskoan, zure kantu enblematiko batzuen bersinoak egin dozuz, artista askoren kolaborazinoei esker. Estilo eta sasoi ugaritako kantuak izanik, zelan emon deutsazu batasun bat proiektuari?
 
Kantu eta estilo bariedade hori erakustea gustetan jat, Benito Lertxundigandik SA-ra doana; edo Pirritx eta Porrotx eta Negu Gorriak, tartean Anari, Gari, Imuntzo eta Beloki, Esne Beltza eta beste asko. Haria neuk egindako berbak izatea da. Baina alderdi musikalean koherentzia bat beharrezkoa izan da, salto estilistikoak leuntzeko. Batasun aire bat emoteko, instrumentazino talde batek hartu dau parte diskoan grabautako kantu guztietan. Bersino guztiak biolontxelo, piano eta akordeoiagaz eginda dagoz. 
 
Gorka Hermosa, Pello Ramirez eta Nacho Soto dira instrumentazinoan ibili diranak. Musikari horreekaz lan egiteak ilusino handia egin deust. Ganera, eurei esker dauka koherentzia askotariko kantuen bilduma honek.
 
5.- Kantu guztietan entzungo zaitugu zeu kantuan?
 
Bai, nik kantu guztietan abesten dot, eta kolaboratzaile zerrenda handi batek be parte hartzen dau. Asier Etxeandia, Gari, Xabier Amuriza, Anton Latxa, Aire Ahiztak, Mikel Urdangarin, Soziedad Alkoholikako Juan eta abar entzun geinkez, baita nire alaba Eire Maia be. Anton Latxak parte hartzen dauen kantua berezia da, disko honetarako egindako kantu barri bakarra dalako, besteak aurretik egindakoen bersinoak dira.
 
6.- Beste batzuentzat idatzi zenduzan kantuak, baina disko honetan zeuk kantau dozuz. Sensazino bitxia izan da?
 
Desbardina da norberak interpretau behar dauenean. Nigaz kolaborau daben abeslari horreei guztiei egindako omenalditzat hartzen dot disko hau. Bestetik, olgeta modura be ikusten dot, orain ni jarri naz euren lekuan. Bizitza barria emon deutsagu kantu bakotxari, adibidez, Asier Etxeandiagaz kantetea ikaragarria izan da, konturatzen zara ze maila handia daben. Ken Zazpiren Itsasoa gara abestiaren bersino intimoa egin dogu, eta nik bakarrik kantau dot, baina konturatu naz ze gatxa dan Eñaut Elorrietaren moduan kantetea. Jatorrizkotik urrundu eta neure bersinoa egiten ahalegindu naz. Beti melodia errespetau dogu, Benito Lertxundiren Itsasoari begira-n izan ezik, hor musika barria ipini deutsagu, bertso doinu zahar bat erabili dot Xabier Amurizagaz. 
 
Disko hau opari handi baten modukoa da niretzat, umetatik mirestu izan dodazan abeslariakaz alkarlanean ibiltea amesa izan da. Nork esango eustan niri Fermin Muguruzak nik idatzitakoa kantauko ebanik, edo Benito Lertxundik, Garik... Nik kasetean entzuten nituan hareen diskoak, nire logelan, hamalau urtegaz. 30 urtez halako artistentzat kantuak idazten ibili izana ospatu beharreko zeozer begitantzen jat. Eta segitzen dot talde barrientzat kantuetako berbak idazten: ETS, Kai Nakai, Julen Alonso eta orain datozan gazteakaz nabil. 
 
7.- Alkarren artean hain diferenteak izanda zure kantuak abestu dituen taldeak, moldatzeko trebetasun handia behar dozu, bakotxaren estilora egokitzeko...
 
Ez dakit besteek zer egiten daben, baina ni % 100 jarten naz melodiaren eta kantariaren zerbitzura. Nik idazten dot, baina nork kantauko dauen gogoan izanda. Hogei urteko artista batentzat idazten nabilenean be, bere zerbitzura jarten naz eta berak nahiko leukeena pentsau behar dot. Melodiak iradokitzen deustazan bideak marrazten ahalegintzen naz. Bestetik, momentu historikoa eta testuingurua kontuan hartzen dodaz. Gero, jakina, ezin da aurreikusi kantu bakotxak ze bide egingo dauen. Arrakasta handia izan daben kasuetan be, gehienetan nik ez neban aurreikusi. Kontrara be bai, pentsetan dozu idazten zabizan kantua arrakastatsua izango dala eta gero ez da holan. 
 
8.- Bertsolari askok idazten dozuez kantuetako berbak. Lotura naturala dago bertsolaritzearen eta letragintzearen artean?
 
Laguntzen dau, ze koplak eta bertsoak kantu bidez zabaltzeko sortuak dira. Bernat Etxeparek berak, euskerazko lehenengo liburuan, aitatzen dau bere bertsoak idatzi dituala kantatuak izateko. Bertsoa eta kantua anai-arrebak edo ahiztak edo dana dalakoa dirala uste dot. Bertsolari garenok, askotan, umetatik gagoz trebatuta berbak melodia baten sartzen eta persuasinoan eta komunikazinoan espezialista modukoak gara. Gogoan izan behar da, batzuetan, musikari bat oso ona dala gitarrea joten edo abesten, baina berbea ez da euren eremua. Horregaitik, letragileoi eskatzen deuskue laguntzeko, edo poemetara joten dabe. Nik 170 kantu idatzi dodaz ia-ia, eta dan-danak sortu dodaz kantetako, ez irakurriak izateko. 
 
9.- Zuzeneko kontzertuetan aurkeztuko dozue disko-liburua?
 
Gure asmoa herririk herri ibiltea da, deitzen deuskuen lekuetara joango gara. Lan honetako kantuak joko doguz, lehen aitatu dodan musikari taldeagaz. Victoria Eugenia Antzokian, Donostian, dogu lehenengo hitzordua, abenduaren 29an, eta hurrengoa Bilboko Arriagan, urtarrilaren 6an, Errege Egunez. Kontzertu bereziak izatea nahi dogu, musikaz gan proiekzinoak egongo dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu