Maria Helena Vieira da Silvaren obra grafikoa, X. FIG Bilbao jaialdian
2021-11-12 13:36 KultureaAurreko mendeko artista portugaldarrik ezagunenetako bat da nazinoartean.
Hamargarren edizinoa beteko dau egunotan FIG Bilbaok, Grabaduaren eta Papel Ganeko Artearen Nazinoarteko Jaialdiak. Aurtengo herrialde konbidadua Portugal danez, herrialde harek XX. mendean emondako artista entzutetsuenetako baten obrak erakutsiko ditu Bilboko Arte Eder Museoak, Maria Helena Vieira da Silvarenak.
1983an, artean Vieira da Silva bizirik egoala, haren obrearen inguruko erakusketa bat antolatu eban Arte Eder Museoak, eta zortzi litografia erosi zituan. Horreek zortzi obrak eta gerora gordailuan jasotako beste hiru dira orain ikusgai ipini dituenak. Martiaren 27ra arte egongo da erakusketea Bilbon, museoko 33. aretoan.
1960ko hamarkadatik 1991era arte egindako grabaduok, Vieira da Silvaren obra askotarikoaren erakusgarri dira. Espazialismotik abstrakzino lirikora, estilo eta eragin artistikoen ugaritasuna nabarmena da portugaldarraren lanean, lerroz lerro sortzen doazan konposizinoen bidez eregitako uriguneak edo gelak agertzeko asmoz.
Maria Helena Vieira da Silva (Lisboa, 1908-Paris, 1992) Parisko Eskolea dalakoaren ordezkari esanguratsuenetako bat da, bere ibilbide artistikoa gehienbat Frantziako uriburuan egin ebalako. Lisboatik urten eta 1928an heldu zan hara, eta eskulturan eta pinturan trebatzen hasi zan. Bigarren Mundu Gerran Brasilen bizi izan zanez, Hego Amerikako pentsalari eta sortzaileek be eragin eutsen.
Parisera bueltan, marrazkigintzan eta grabaduetan gero eta arreta handiagoa jarten hasi zan Vieira da Silva, harik eta XX. mendearen bigarren erdian formatu horretako artista aitzindarietako bat bihurtu zan arte. Pasa dan mendeko artista portugaldarren artean, nazinoartean ospe eta errekonozimendu handiena izan dabenen artean dago.
Kontuak kontu, egunotan Bilboko Arte Eder Museoan ikusi leiteke Vieira da Silvaren obra oparoaren lagin bat. Haren obreaz gehiago jakin nahi dabenek zemendiaren 23an eta 30ean egingo diran topaketetan parte hartu leikie. Museoaren Zaharbarritze eta Konserbazino ataleko koordinatzaile Javier Novok gidatuko ditu saioak.
FIG jaialdiari berari jagokonez, ekitaldi nagusiak Bilboko Euskalduna Jauregian egingo dira, zemendiaren 25etik 28ra. Arte Eder Museoa eta FIG Bilbao 2012tik dabiz alkarlanean, eta grabadua landu daben artisten inguruko erakusketa bat antolatzen dabe urtero.
Portugal herrialde konbidaduak leku zabala hartuko dau X. FIG Bilbaon, Vieira da Silvaren erakusketaz aparte. Paula Regoren 31 grabadu, umeen literatureagaz lotutakoak, ikusi ahal izango dira eta unibersidade portugaldar bik Tentazinoaren Kuboak izeneko programan hartuko dabe parte. Portugalgo sei arte-galeria eta herrialdeko gastronomiaren ordezkariak be ezagutuko doguz FIG Bilbaon.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!