'Gastronomia, gaurko eta biharko sukaldaritzeari buruzko solasaldiak' plazaratu dabe

Bizkaie! 2021-11-12 10:28   Jan edanak

Basque Culinary Center-en gastronomiaren gaur egungo izakerea batzen dau argitalpenak.

Liburua mundua jan gura daben irakurleei dago bideratuta, mahai baten inguruan jesarri eta badakitenei sagar baten, makailaoaren pil-pilaren edo sukaldaritzako abangoardiarik handienaren atzean nutrienteak baino askoz gehiago dagoala: sormena, zientzia, ingurumena, ekonomia, politikea, komunikazinoa, aisia. Kulturea dago eta, horrenbestez, gizartea be bai.

Basque Culinary Center-en hamargarren urteurrenaren harian dator liburua eta gonbita egiten deutse irakurleei gastronomiagaz olgau deien, sormen eta barrikuntzaren iturri hartu deien.

Dagoeneko liburu dendetan, Amazonen eta Basque Culinary Centerreko denda digitalean salgai dago eta ondu egiten dau maila gorenean dagoan sektore baten potentzialaren inguruko egungo istorioen bildumea, hamar urtetik hona gure artean sektore sortzaile eta inspiratzailen bizi diran profesional eta gazte handien arteko alkarrizketea islatzen dau adierazo dau Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizeagak.

Gainera, Basque Culinary Centerrek, argitalpen honetan, gure despensea jagoten dabenen hainbat personaren lekukotasunak batzen ditu, jasangarritasunaren edo 0 zabor jarrerea goratzen dabenen ahalegina, etorkizuneko belaunaldiak elikatzen dituenen dedikazinoa, etorkizunaren gustoa esploretan dabenen indarra, abangoardiaren alde egiten dabenen jakinmina edo erronkak onartzen dituenen ahalegina.

Argitalpen-proiektua Sasha Correa eta Raúl Nagorek gidatu dabe eta alkarrizketa estimulatzaileak jasoten ditu sukaldaritzearen maisuen eta belaunaldi barrien artean, hainbat diziplinetako profesionalen eta gastronomiako adituen artean, hemengo eta hango ahotsen artean, orainaldiari eta etorkizunari lotutako ikuspuntuen artean.

Liburuan jasotako hainbat erreportaje, saiakera eta hausnarketatan Basque Culinary Centerreko Nazinoarteko Batzordeko chefak dagoz (Ferran Adrià, Trine Hahnemann, Dominique Crenn, Manu Bufara, Gastón Acurio, Alex Atala, Dan Barber, Massimo Bottura, Michel Bras, Yoshihiro Narisawa edo René Redzepi), baita sektoreko hainbat aditu, besteak beste, Harold McGee, Maria Canabal, Marta Guadaño, Lisa Abend, Rafael Tonón, Daniel Innerarity, Carlo Petrini edo Iñaki Gaztelumendi eta Basque Culinary Centerreko taldeko profesionalak be (Joxe Mari Aizega, Jorge Bretón, Adela Balderas, Sasha Correa, Asier Alea, Estefanía Simón edo Blanca del Noval).

Era berean, nazioarteko elkarrizketen bidez, nazioarteko sukaldaritzako maisu handiek eta talentu gazteek alkarri eragiten deutse: Basque Culinary Centerreko Patronatuko chefak (Karlos Arguiñano, Juan Mari eta Elena Arzak, Hilario Arbelaitz, Eneko Atxa, Martín Berasategui, Diego Guerrero, Andoni Luis Aduriz eta Pedro Subijana) eta Zientzia Gastronomikoen Fakultateko ikasle eta ikasle ohiak (Carlos Casillas, Lucía Curiel, Ane Galardi, Julián Otero, Claudia Polo, Martina Puigvert, Javi Rivero eta Nabila Rodríguez) agertzen dira liburuan; holan, belaunaldi barriei berbea izateko aukerea emoten jake. Hori guztia, Bernat Alberdik egindako erretratuen sormen-erakustaldiak eta Pedro Perlesen ilustrazinoek osotzen dabe. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu