Enrique Fernandez Arbos protagonista Bilbon

Bizkaie! 2021-11-12 09:36   Musikea

Berbaldia eta erakusketea eskainiko deutsoz Bilbao Musikak.

Bilbao Musikak Arbós Fundazinoagaz eta Madrilgo Orkestra Sinfonikoagaz lankidetzan, Arbós Maisu ospetsuari buruzko erakusketa monografiko bat atondu dau, Arbós Maisua. Musikea eta Abangoardia izenekoa eta Martín Baeza-Rubio orkestra-zuzendari eta doktoreak komisarioa dala.

Erakusketearen inaugurazinoa datorren martitzenean, zemendiaren 16an, 9:30ean, Bilbao Musikaren instalazinoetan (Sorkunde kalea, 8). Hilaren 16tik 30era, astelehenetik barikura, 9:00etatik 21:00etara bisitau ahal izango da orkestra-zuzendari, biolinista eta konpositore izan zan Enrique Fernández Arbós (1863-1939). Musikeak hemen eta munduan izan dauen enbaxadore garrantzitsuenetakoa da Arbós. Martín Baeza-Rubio orkestra-zuzendaria komisario dauen eta Espainiak Alemanian dauen enbajadeak 2019an Berlinen aurkeztu eban erakusketa hau Maisu polifazetikoaren biziteari eta obreari buruz egindako ikerketearen emoitzea da.

Era berean, erakusketeagaz bat eginez, zemendiaren 18an, eguenean, Arbós maisuaren inguruko berbaldia emongo dau Martin Baeza-Rubio orkestra-zuzendari eta doktoreak, 18:30ean, Bilbao Musikako Auditorioan; eta amaieran, José Luis Temesek zuzendutako Arbósi buruzko ikus-entzunezkoa ikusi ahal izango da. Sartzea librea izango da edukierea bete arte.

Eta asteari amaierea emateko, Almansako Martin Baeza-Rubio zuzendariak Bilboko Udal Musika Bandearen zuzendaritzea hartuko dau zemendiaren 21ean, domekan, eguerdiko 12:00etan, Euskalduna Jauregian Hurreko munduak kontzertua eskaintzeko, Jesus Guridi, Giuseppe Verdi, Joaquín Turina, Pietro Mascagni, Richard Wagner eta Manuel de Falla musikari handien lanakaz osotutako errepertorioa eskaintzeko.

Enrique Fernández Arbós (Madril, 1863/12/24 – Donostia, 1936/06/02)

Biolinista, hezitzailea, konpositorea, idazlea, kritikaria eta bere sasoirako artista aurreratua, Arbós Berlingo Orkestra Filarmonikoko (1886tik) eta Bostongo Orkestra Sinfonikoko (1903tik aurrera) kontzertinoa izan zan. Espainian musika sinfoniko eta sinfoniko-koralaren bultzatzaile handia izan zan eta birak egin zituan Madrilgo Orkestra Sinfonikoaren buru zala. 1904 eta 1939 bitartean, Madrilgo Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra izan zan, Espainiako orkestra baten zuzendariaren ibilbiderik luzeena.

Mundu mailako ehun eta hirurogeita bi estreinaldi egin zituan zuzendaritzan, baita Sergei Prokofieven biolin eta orkestrarako 2. Kontzertuan be. Haren gidaritzapean, musikearen historiako laurehun eta berrogeita bost obra garrantzitsu interpretau ziran lehen aldiz Espainian.

Fernández Arbós irakasle izan zan Hanburgoko Unibersidadean (1888), Madrilgo Goi Mailako Musika Konserbatorioan (1888-1939), Londresko Royal Academy of Music-en (1901) eta Londresko Royal College of Music-en (1894-1916). 1924an, San Fernandoko Arte Eder Erret Akademian sartu zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu