Nobela baltza protagonista 'Eztabaidak Literatureagaz' zikloan
2021-11-12 08:29 KultureaZemendiaren 16an da hitzordua Bilbon.
Bilboko Bidebarrieta Liburutegian, 19:00erean hasiko dan barriketaldian, Berna González Harbour eta Jon Arretxe idazleek parte hartuko dabe, literatur-genero horretan baitabiz.
Dana ez da baltza goiburupean, nobela baltzak irakurleei eragin likion morboa aztertu eta eztabaidatuko dabe zergaitik ete dagoan literatur genero hau modan, ondo saltzen dalako eta irakurleek gustora hartzen dabelako.
Berna González Harbour
Idazleak Dashiell Hammett 2020 saria irabazi eban El sueño de la razón eleberriari esker; saria Gijongo Aste Baltzak emoten deutso gaztelaniazko genero baltzeko nobelarik onenari. Berak sortua da Ruiz komisarioa personaia eta, idazlea, Paco Camarasaren esanetan, Espainiako gaztelaniazko literatura baltz eta krimenezkoaren bederatzi barrienetatik bat da; finalistea izan zan sari horren 2018ko lehiaketan be, Las lágrimas de Claire Jones lanari esker eta 2020ko José Estrañi saria irabazi eban, Kantabriako liburu-saltzaileek emoten dabena; era berean, hainbat literatur lehiaketatako epaimahaikide izan da. Bestalde, kazetaria, analista politikoa eta kultur gaietako laguntzailea da. El País egunkariaren zuzendariordea da eta Babelia gehigarriaren editorea be izan zan eta barriemoile be bai gatazkan ziran herrialde askotan. Liburuen gaineko ¿Qué estás leyendo? izeneko saioa zuzentzen dau eta Cadena Ser irrati kateko Hoy por hoy programan parte hartzen dau. Oraintsu argitaratu dau El Pozo liburua, kazetaritza sensazionalistearen kritika gogor bat.
Euskal filologiako doktorea da, gorputz hezkuntzako lizentziatua be bai eta piano eta kantu ikasketak ditu eginak Bilboko eta Gasteizko konserbatorioetan. Arlo askotan egile arrakastatsu honek literatur sorkuntzea dau lanbide eta, gainera, berbaldiak emoten ditu bere liburuen edo bidaien gainean; bestalde, operako abeslaria be bada eta Bilboko Operako eta Iruñeko Operako abesbatzetako kide da. Arretxeren lehen lana argitaratu ebanetik 1991n, bidaia-literaturan dabil gehienbat (7 kolore; Tubabu edo Oroituz), baita nobela baltzaren sailean be (Xahmaran, Fatum). Sail horretakoa da Tangerreko Ametsak.
Barriketaldian Juan Carlos Rojo kazetaria izango da gidari.
Sartzea doban da, aretoa bete arte. Bertara joan barik be izango da aukerea aurkezpena ikusteko streaming bidez hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!