Anita Parker taldeak 'Reset' egin dau

Bizkaie! 2021-11-11 13:29   Musikea

Swing doinuak eta elektronikea dira hamar kantuko disko barriaren oinarria. 

Bilbon aurkeztu dabe Anita Parkerreko kideek 'Reset' (argazkia: Bira Kultura) | Ikusi handiago | Argazki originala

Denpora batez ez dogu Anita Parker taldearen barri askorik izan, baina disko barri eta guzti berragertu dira, hirukote formatuan. Reset izena emon deutse lan barriari, barriro ekiteko gogoz dagozalako, baina erabateko reset-a be ez da izan, euren ezaugarri batzuei eutsi deutselako: swing doinuak oinarri, jantzarako konbidapena dakarre. Hasikerako esentziara bueltau dirala adierazo dabe taldeko kideek, Bilboko Bira Kulturan egindako aurkezpenean.

Proiektua 2017an sortu zanetik, hirugarren diskoa da Reset, energiaz beteriko erritmodun lana, swinga eta elektronikea buztartuta. Mauka Musikagintzearen laguntzinoa dabe beronen zabalkunderako. Haritz Harreguyrenean egin ditue grabazinoak eta nahasketak, Usurbilgo Higain estudioan, eta masterizazinoa Bartzelonako Ultramarinos estudioaren esku egon da.

Hona hemen disko barriaren parte dan Ez da azkena izango kantuaren bideoklipa. 

Disko barriko kantuak aurkezteko zuzeneko emonaldien birea hasiko dau laster Anita Parkerrek. Abenduaren 4an Ahotsenean joko dabe, Durangoko Azokearen barruan. Arrasaten eta Txantrean izango dira hil horren 10ean eta 25ean, eta urte barria Bilboko Bira Kulturan hasiko dabe, urtarrilaren 7an. 

Martira bitartean, Donostian, Lakuntzan, Zarautzen, Laudion, Ondarroan, Lizarran, Olaztin eta Leitzan be entzun ahal izango dogu Anita Parkerren reset-a.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu