Martin Ugalderen atarian, 2.049 idazlan dagoz
2021-11-11 13:33 KultureaMartin Ugalde jaio zala 100 urte bete dira gaur, zemendiak 11.
Andoaineko Martin Ugalde Kultur Parkean, gaur, hilak 11, Jakinek egindako digitalizazino eta sareratze lanen aurkezpena egin dabe eta jarraian, egun osoko Itzulera baten historia liburuaren eten bako irakurketea. Bertan, idazle andoaindarraren familiaz gan, erakunde eta eragile ezbardinetako ordezkariak izan dira, besteak beste, Bingen Zupiria eta Andoni Iturbe (Eusko Jaurlaritzea), Harkaitz Millan eta Mari Jose Telleria (Gipuzkoako Foru Aldundia), Maider Lainez (Andoaingo Udala), Juan Luis Silanes (Hondarribiko Udala), Lorea Agirre (Jakin), Joxemari Sors (elkar), Garbiñe Ubeda (EIE), Beatriz Zabalondo (Berria), mendeurrena atontzen ibilitako gizarte eragile eta herri erakundeen izenean. Horrezaz gan beste hainbat eragile izan dira bertan, besteak beste, EH Bildu (Juan Karlos Izagirre, Estitxu Elduaien, Andoni Alvarez) eta EA-ko (Iker Ruiz de Egino, Miren Urreztieta, Iker Intza).
Jakin-en digitalizazino eta sareratze lanak
Martin Ugalderena Jakinek egin eban bigarren digitalizazino lana izan zan, 90ko hamarkadearen amaieran hasita, nahiz eta gaur arte argia ikusi ez. Martin Ugalderen obra osoa eta haren gainean argitaratutako guztia jaso da jakin.eus atarian, euskal pentsamendua atalean, Santamaria, Txillardegi, Azurmendi eta beste batzuen ondoan.
Martin Ugalde garrantzitsua izan da Jakinentzat. Joan Mari Torrealdaik liburu alkarrizketa luzea egin eutson Andoaindik Hondarribira, Caracasetik barrena, 1998koa. Ugalderen bizitzea, ideologia eta arlo intelektuala jasoten dauena.
Martin Ugalderen atarian, 2.049 idazlan dagoz eta horreez gan, biografia bat eta Ugalderen ekarpenaz azterketa-testu bat.
Aitatu 2.049 dokumentu horreetatik 1.662, Ugaldek bera idatziak dira eta gainontzekoak, 387, Ugalderen gainean beste batzuek idatzitakoak edo haren lanaren gainean edo hari egindako eakarrizketak eta liburu kritikak.
Martin Ugalderen produkzinoa ikaragarria izan zan, Txillardegi edo Joxe Azurmendi baten pare.
Ugalderen gainean be asko idatzi da eta, beraz, erreferentziazko idazle, kazetari eta pentsalaria izan da (Martin Ugalderen gainean 188 idazlan dagoz).
Nabarmendutako 1.662 idazlan horreetatik 46 liburuak dira eta 1.548, barriz, artikuluak; artikuluok 69 egunkari eta aldizkarietan argitaratu zituan, Euskal Herrian eta Venezuelan.
Bitxikeria legez, 58 urtez idatzi eban: Lehen artikulua 23 urtegaz, 1946an, Andoaingo herriko kronikatxu bat eta azkena, gaur 20 urte, 2001eko zemendiaren 11n, 80 urte bete zituan egunean, Euskaldunon Egunkarian.
1.662 idazlan digitalizatuok ordenau eta thesaurus propio bat egin jako, hau da, Ugaldek landutako gaien araberako bilatzaile propio eta berariazko bat eta hauxe izaten da Jakinen digitalizazinoen ekarpen handienetako bat: Ugalderen obrak aztertu eta ondoren egiten dan gaikako bilatzailea, izan be, horretarako itemak identifiketan dira: Ugalderen kasuan, 45 item, hizkuntzea, erbestea, politikea, erlijinoa, historia... Item orokorrak eta horreen barruan, bestelakoak, euskerearen historia soziala, euskal hedabideak, euskal nazionalismoa, nazinoarteko historia, lana, sindikalismoa...
Gaikako bilaketea ez da bilaketa modu bakarra, egileez, agerkariz eta lan muetaz be egin daiteke.
Digitalizazino lanari 90eko hamarkadan ekin eutson Jakinek Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesari esker baina gaur arte ez dau argirik ikusi. Orain, azkenik,
Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzearen eta Andoaingo Udalaren babesari esker, danon eskura dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!